INFO
Elkarrizketa
Jexux Mari MUJIKA
ETAk hildako Joxe Mari Kortaren laguna

«Gero eta gehiago dira mendeku nahia gainditzen ari diren biktimak»

Atzo Baionako foroan beren testigantza eman zuten GALen eta ETAren ekintzek eragindako bi biktimei galdera berak pausatu dizkiegu. Iraganari, orainari eta etorkizunari buruz dituzten ikuspegi eta gogoetetan antzekotasunak eta ezberdintasunak agerian gelditzen dira.


Xabier Galdeano/Joxe Mari Korta ezagutu ez zutenei, nola azalduko zenieke nor zen, eta zein aztarna utzi dute zugan bere bizitzak zein heriotzak?
Joxe Mari gizon saiatua, zintzoa eta leiala zen, inguruan maitatua eta, batez ere, koherentea. Nire ustez, koherentzia horrek ekarri zion heriotza. Bere heriotzak nigan utzi zuen arrastoa Zumaian gehiengoak eman zuen erantzuna izan da. ETAren hilketen aurrean isilik egon ohi zen jende dexente ere inguratu zen protesta ekimenetara. Uste dut gure herriaren jarrerak aldatzen bereziki lagundu zuela.

Biktima gisa, babestuta sentitu al zara jendartearen, erakunde politikoen eta justiziaren aldetik?
Biktima titulua hartuta hitz egitea zaila egiten zait, bere senideak biktimago sentitzen ditut. Harreman handia dut familiarekin, eta esan behar da segituan sortu zela fundazioa, eta gizartearen aldetik nahiko babestuta sentitu zirela. Nik uste, ordura arteko beste biktima asko baino gehiago. Ez da ahaztu behar handik hilabetera beste atentatu bat jasan behar izan zuela familiak. Erakundeen aldetik ere babestuta sentitu dira, nahiz eta familiak eta fundazioak berehala argi utzi ez zutela onartuko erailketa inork era alderdikoian erabiltzea. Justiziaren aldetik, zeintzuek egin zuten berehala jakin zen. Uste dut, alderdi horretatik, badirela gehiago sufritu dutenak.

Gaur egun biktima guztiei tratamendu egokia ematen zaizuela iruditzen al zaizu?
Gero eta tratamendu hobea ematen zaiela uste dut; zer hobetu badago, noski. ETA eta GALen biktimak gure artean berdintsu tratatzen direla uste dut. Esan behar dut omenaldi eta ongietorri publikoen mina batzuek bakarrik nozitzen dutela. Estatuaren indarkeria injustuarekiko ikuspegi ezberdinak daude, batez ere zenbait girotan, eta Euskal Herritik kanpo. Torturatua dena, aurretik edozer eginda ere, injustiziaren ekintza injustu baten biktima da. Hori kontuan hartzen ez duen gizartean gizalegea urruntzen da. Sentimenduak alde batera utzita, Estatuaren injustizia ikusten da nabarmen.

Zergatik eman duzu Baionan egiten ari den foroan parte hartzeko pausoa? Eta etorkizunari begira, zein paper aitortzen diezu biktimei bizikidetza eraikitzeko lanean?
Baionara etorri naiz ahalegin horretan saiatu beharra dagoelako. Egia eta bizikidetza eraikitzeko, gizarte zibilaren garrantzia berebizikoa da, alderdiak pausoak ematera behartu behar ditu. Biktimen papera inportantea da, jakinda jende eta jarrera ezberdinak daudela. Mendekua eta gorrotoa gainditu duten edo gainditzen ari diren biktimak gero eta gehiago dira; elkarrizketarako prest daudenak eta denontzako Euskal Herri bat eraiki nahi dutenak, presoen eskubideak ere aitortzen dituztenak, garbi dutenak biktima gisa dituzten eskubideak, eta horietara mugatzen dakitenak, politika alderdikoirik egin ez dadin.