INFO
Elkarrizketa
MIREN LIZASOAIN BALEZTENA
ARBEITZAKO ERLEZAINA

«Gero eta gehiago kostatzen zaigu erlea bizirik mantentzea»

Erlandere ezti ekologikoa egiten du Miren Lizasoainek, bere bikotearekin. Lizarran eguraldi onarekin disfrutatuz paseo bat ematen duen bitartean erantzun die gure galderei. Jendarteak egin ala ez, emakume baserritarrek beren balioa autoerrekonozitu eta lana duindu behar dutela defendatu du. «Produktu on bat egiten ari gara gure eskuekin», azpimarratu du EHNEko EBEL emakume elkarteko kideak.


Aurten berandu dator eztia. Artaxoako erleak hasiak dira jada erromero eztia egiten. Orain hagitz gainean daude Miren Lizasoain eta bikotea, zaintzen ea erlekumeak egiten hasten diren. Lan gehieneko garaian daude. Irunen hazi zen Lizasoain, baina ama Saldiasekoa du, aita Oizekoa, eta asteburu eta opor guztiak baserrian pasatzen zituen, batez ere Saldiasen. «Nire egunik zoriontsuenak han dira, kanpoan animaliekin».

Erlezaintza egiten zenuten?

Gazte zirelarik, aitak eta amak izan zituzten erleak, baina nire garairako jada ez. Albaitaritzako ikasketak egina naiz, Zaragozan, eta hango lagun baten aitak erleak zituen. Klinikan praktikak egin nituen, ez zitzaidan gustatu, eta ikertzen hasi nintzen ea bazegoen erlezaintzatik bizimodua ateratzerik. Kurtso batzuk egin nituen Zaragozan eta erleekin lehen kontaktua han izan nuen. Hori nahi nuela ikusi nuen eta bikotearekin batera, bera ere Albaitaritza ikaslea, Oiartzunen erle batzuk hartu genituen. Sei erlerekin hasi ginen. Hurrengo urtean 30 eta gero, pauso handia emanez, 200.

Non instalatu zineten?

Saldiasen, baina erleentzako toki hobea da Nafarroako erdi eta hegoaldea, orduan, erle gehienak han genituen. Iparraldean, Saldiasez gain, Lesakan eta Igantzin ere bagenituen, akazia eta gaztainondo eztia egiteko. Beste guztiak hegoalderago: erromeroa, ezkaia, basokoak… Gehienak herri lurretan. Lekuak lore egokiak izan behar ditu, polena ematen dutenak, egutera izan behar du… Gauzarik zailenetakoa toki horiek bilatzea izan zen. Saldiasetik bidaiak egiten genituen erleetara. Geroago, Arbeitzara etorri ginen. Erleen toki bila etorri ginen, etxe bat ikusi genuen hutsa, gustatu zitzaigun eta hementxe gelditu ginen. 2013a izango zen. Etxe azpian jarri nuen eztiola.

Non dituzue orain erleak?

Denboragatik eta gasolinagatik etxera inguratu genituen. Erleen erdiak, 100 inguru, Arbeitzako herri lurretan ditut. Beste erdiak, Artaxoa, Arroitz, Igantzi eta Oitzen. Beste lekuren batean jartzea ere pentsatzen ari gara. Tokiena beti joan behar duzu berritzen.

Zure apustua era ekologikoan lan egitea izan da hasieratik.

Artisau eran hasi ginen, ia dena era naturalean egiten genuen, tratamendua kenduta. Erleak barroa deituriko bizkarroi bat dauka eta tratatu egin behar da. Hasieran tratamenduak konbentzionalean egiten genituen, era kimikoan. 2010etik ekologikoan egiten dugu.

Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren ziurtagiria lortu zenuten. Kontseiluko kide ere bazara.

Bildu eta norabideak markatzen ditugu. Borondatez egiten dugu. Ekoizleak gaude kontseiluan, elaboratzaileak eta komertzioetako ordezkariak ere bai. Hauteskundeak egiten dira eta gu EHNEko ordezkari bezala gaude. Orain promozioan sartuta gaude, jendeari nola helarazi produktu ekologikoek merezi dutela. Nafarroako Azoka Ekologikoa berreskuratu, eta maiatzean hirugarrenez egingo dugu.

Zer produktu eskaintzen dituzue? Zein ezaugarri dituzte?

Urtez urte barietateak aldatzen doaz. Normalean erromero eztia dugu, ezkaiarena, izpilikuarena, basokoa, eta milalore desberdinak. Gaztainondo eztia ere badugu. Duela bizpahiru urte polen freskoa egiten hasi ginen. Propietateak mantentzeko izoztu egiten dugu. Gure eztiak ez daude manipulatuak. Argizari puskak kendu eta bere horretan ontziratzen ditugu. Horregatik, gogortu egiten dira. Nahiz eta ateratzean likidoa izan, eztia berez gogortzera joaten da, azukre sobresaturazio bat delako.

Eztiak bere sasoiak ditu?

Erromero eztia orain ekoizten da. Urteko eztia udaberri, uda eta udazkenean egiten da. Eztia kontserbagarria da. Faraoi garaietako eztia aurkitu dute eta oraindik ona da. Orduan, eztiak sasoia badu ekoizteko, baina edonoiz kontsumitzen ahal da.

Zein da eztia egiteko prozesua?

Erleek loreen nektarra xurgatu, eta erlauntzera eramaten dute. Nektarra %80 ura eta %20 azukrea da. Ur hori lurrundu, eta listuan dituzten entzimak gehitzen dizkiote. Eztia %20 ura da eta gainerakoa loreen azukre naturala, bitaminak eta beste. Eztia egina dagoenean gelaxkatan sartu eta argizari kapa batekin ixten dute. Guk labana batekin lauki hori kendu, eta estraktore batean sartzen dugu. Indar zentrifugoaren bidez eztia ateratzen da. Dekantatu egiten dugu. Hamabost egun egoten da argizari puskak kentzeko. Azkenik kristalezko ontzietan sartzen dugu. Erleek egiten dute eztia. Guk koadroetatik atera soilik egiten dugu, eta ahal den gutxiena hondatu. Supermerkatuetako eztiak berotu egin dituzte 80 gradutik gora, ez gogortzeko, merkatuak likidoa eskatzen duelako. Propietate guztiak galtzen dituzte. Edulkoratzaile on bat gelditzen da, baina edulkoratzaile hutsa.

Kontsumitzailearen gogoa edo interesa aldatzen ari da?

Nire iritziz, bai. Zuzeneko salmenta egin dugu betidanik eta hasieran jendeak gogorra ikusten zuenean harritu egiten zen. Likidoa nahi zuen. Hezkuntza lan bat egin dugu, eta orain, hamabost urteren ondoren, gogorraren bila etortzen zaizkigu.

Prezio duinak aldarrikatzen dituzu, zuen lana baloratzeko.

Elikagaiak egiten ditugu jendearentzat, eta jaki horiek ahalik eta naturalen eta ingurua errespetatuz ekoizteko esfortzu bat egiten dugu. Horregatik bakarrik prezio duin bat behar dugu. Industria handiek elikagaia merkantzia bihurtu dute, espekulatzeko. Dirua egitera doaz, ez elikagai osasungarriak ematera.

Eta erleen munduan?

Gero eta gehiago kostatzen zaigu erleak bizirik mantentzea bera. Aipatu dizudan bizkarroi hori, barroa, Asiatik etorri zen, gure erlea ez zegoen ohituta, eta erle basak desagertu dira. Alemanian erlerik gabe gelditu ziren. Hona beranduago iritsi zen barroa, 1983an, eta geroztik borrokan gabiltza. Tratamendu konbentzionaletan, substantzia berak erabiltzen daramate 30 urte, eta jada ez dira hain eraginkorrak. Ekologikoan erabiltzen ditugun substantziei ere eraginkortasuna falta zaie.

Zenbat bizitzen da erlea?

Udazkenean jaiotzen den erle langileak udaberrira arte irauten ahal du. Orain, udaberrian jaiotako erlea 40 bat egun bizitzen da, lan eta lan lehenago zahartzen delako. Erleen populazioa gutxitzea mundu mailako arazoa da. Askotan hitz egiten da erlauntzen kolapsoaz. Faktore askok eragin dute. Hemen, arazo handiena barroa kontrolatzea da. Horretaz gain, badira arazoak pestizidekin.

Klima aldaketak eragiten du?

Bai. Hasi ginenean ezkai ezti pila bat ateratzen genuen eta orain apenas ateratzen dugu. Loreek nektarra eta polena jariatzeko orduan ere klima aldaketa nabaritzen da. Eztia egitea ere gehiago kostatzen zaie erleei. Bestalde, monolaborantzak ezartzen ari dira. Zereala eta artoa da ia dena eta ez dago barietaterik. Desertua da hori erleentzat. Erlea berez oso-oso indartsua da. Glaziazioak jasan ditu eta orain gizakiok akabatzen ari gara. Liztor asiarra ez dut aipatu. Lesakako erlategia kendu behar izan genuen. Igantziko erleekin, behartutako transhumantzia egiten dugu.

Administrazioak neurririk hartzen al du?

Nekazaritza eta abeltzaintzako eredua aldatu behar da; hasteko, ingurua errespetatu. Hainbeste pestizida eta herbizidarekin dena pozoitzen ari gara. Gobernua noraino sar daiteke hor? Substantziak debekatzeko eredua aldatu behar duzu. Ekoizle txikiak gara ingurua gehien errespetatzen dugunak. Tokian tokikoa bultzatu behar da.

Emakume izateak nola eragin du zure bidean?

Erlategia ezarri nahi nuenean familiak animatu egin ninduen. Nik neuk argi izan dut beti eta ez dut gatazkarik izan. Baina batzuek harriduraz begiratu izan didate. Gizarte Segurantzan alta emateko arazoak izan nituen, ez zutelako sinesten erlezaintzatik bizi behar nuenik, hein batean emakume izateagatik. Amatasunarekin gatazka handiak izan ditut. Autonomoa zaren heinean ez duzu babes handirik. Hasieran terapeutikoa zen EBELen beste emakume batzuekin bizipozak eta ‘bizitristurak’ banatzea. Gure baldintzak nola hobetu pentsatzen dugu, nondik ikasi. Emakumeok batez ere zaindutako eta kalitatezko produkzio txikietara joan gara. Hori da azkenean defendatzen duguna. Eredu txikia orekatuagoa da, jende gehiago sartzen da.