INFO

PPk aurrekontuak babesteko, Artziniegak ‘Aiaraldea’-rekin zuen hitzarmena eten du EAJk

Artziniegako aurrekontuak onartzeko behar zuen PPko zinegotzi bakarraren abstentzioa edo aldeko botoa lortzeko, alderdi horrek ezarritako baldintza bete eta Udalak ‘Aiaraldea’ euskarazko hedabidearekin zuen urteroko hitzarmena etetea erabaki du EAJk.


Artziniegako udalbatzak atzoko osoko bilkuran onartu zituen 2018ko aurrekontuak. ‘Aiaraldea’ hedabideak berri eman zuenez, 1,8 milioi euroko aurrekontua izango du Artziniegako Udalak.

‘Aiaraldea’-ren arabera, PPko ordezkariak jarri zuen baldintza bakarra Udalak euskarazko hedabide horrekin daukan hitzarmena etetea izan zen eta inolako laguntzarik ez ematea, ez diru-partidetan ez publizitatearen bitartez.

Euskara sustatzeko eginiko lanarengatik, azken zazpi urteotan 1.500 euroko diru-saila jaso izan du eskualdeko hedabideak.

Artziniegan hartutako erabakiak eskualdeko udalerri guztietan adostutako hitzarmena hautsi duela azpimarratu du komunikabideak.

Ohar baten bitartez, Artziniegako EH Bilduk jeltzaleen jokabide «tamalgarria» salatu eta akordioa bertan behera uzteko erabakia gaitzetsi du, «nahiz eta asko harritzen ez gaituen». «2015ko inbestidurako bilkuran argi utzi zuen EAJk bere asmoa zela alkatetzari eustea eta gobernatzea bere balio etiko eta printzipio politikoen gainetik», azpimarratu du koalizioak.

Hori dela eta, EAJri eskatu diote «euskararen sustapenaren aurka doan erabaki hau» herritarren aurrean justifikatzeko, erabakiak Artziniegakoa «Aiaraldeko gainerako udaletatik aldentzen» duelako eta eskualdeko euskarazko komunikazio proiektu bakarrari «oztopoak» jartzen dizkiolako.