Berea egokiago eginda, bere lekua eskatu du Jakak (22-13)
Presaka eta urduri aritu den Unai Lasok behar baino akast gehiago batu ditu, denera 12, eta Lizartzakoak jokatuko du ostiralean Ezkurdiaren aurka Altsasun
Uste baino garaipen erosoagoa lortu du Erik Jakak Unai Lasoren aurka Buruz Buruko final hamaseirenetako partidan eta gipuzkoarra izango da datorren ostiralean Joseba Ezkurdiak parean izango duen arerioa Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatuko den partidan.
Binakako nagusian bere momentuak izanda, indartsu zetorren Unai Laso kanporaketa honetara, baina lehiaketa honek ez du bigarren aukerarik ematen, behar baino huts gehiago pilatu ditu eta hurrengo urtean saiatu beharko du berriz Bizkarretakoak. Inongo momentutan ez da Jakari bizkarra erakusteko gai izan eta gipuzkoarra askoz zehatzagoa izan da aurreko joko horretan.
Sakearekin bietako inork ez du lortu aurkariari min askorik egiten eta partida orekatu xamarra izan da hasieran. Asegarcekoa 6-7 aurreratu da, baina hortik aurrera Jakak min egin dio bolearekin, bere lekutik etengabe atera du Laso eta Bizkarretakoa hutsak pilatzen hasi da. 13-7 joan da une horretan Jaka eta Laso ez da partidari eusteko gai izan. Aspekoak berea egiten jarraitu duen bitartean, nafarra presaka aritu da eta agur esan dio lehiaketari.