INFO

«Egun bat gehiago ere ez» aldarriak Lapurdiko kosta zeharkatu zuen

Espetxean 29 urte betetzeko bidean direlarik, Xistor Haramburu, Jakes Esnal zein Ion eta Kepa Paroten askatasuna eskatzeko oihuak Baiona eta Donibane Lohizune artean diren hamar biribilgune hartu zituen atzo goizean. Bagoaz kolektiboak deitutako mobilizazio ikusgarrian 500 pertsona batu eta 500 kartel itsatsi ziren.


Bagoaz kolektiboak azaldu zuenez, 500 pertsonak hartu zuten parte atzoko ekimenean eta, horrekin batera, lema desberdinak zituzten 250 kartel eta lau presoen aurpegia zuten beste 250 argazki itsatsi zituzten errepide ertzetako leku estrategikoetan. Balorazio «oso positiboa» egin zuten antolatzaileek eta «kanpaina honi segida emateko» ekainaren 16an Baionan egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia zabaldu zuten.

Lau euskal presoek «espetxealdi irmoa aspaldi bete zuten eta baldintzapeko askatasuna onar diezaieten bete beharreko baldintza guztiak betetzen dituzte, baina hala ere preso atxikitzen dituzte», salatu zuen Emilie Martin Bagoaz kolektiboko bozeramaileak, Baionako biribilgune batean zela.

Atzoko ekimenaren xedea zein zen ere argitu zuen Martinek: «Preso hauek pairatzen duten injustizia eta eskubide urraketa salatzeko, ahalik eta jende gehienak ikusiko gintuen mobilizazioa antolatu nahi genuen; beraz, esku artean ditugun datuak ikusita helburua zinez bete dugula esan dezakegu».

Ekimen ikusgarria

Atzo ez zen izan Bagoazek deitutako mobilizazioaren berri izan ez zuenik Lapurdiko kostaldean. Milaka pasearik topo egin zuten goizeko hamaikak eta eguerdia bitartean biribilguneetan pilatuta zeuden manifestariekin zein errepide ertzetako argazki eta kartelekin.

Kapota desmuntatuta zebiltzan kabrioletak, turisten autokarabanak edo erosketak egitera zihoazen gidariak, denetarik zegoen errepidean, eguraldiaz gozatzera atera zen jendez leporaino baitzeuden atzo Lapurdiko errepideak. Horregatik, ikusi nahi ez zituenak ere ikusi behar izan zituen peto berde fosforeszentea soinean, kartelak eusten zituzten manifestariak edo errepide inguruetan pankartak jartzen ari ziren lagunak.

Batzuek klaxona sakatu eta hatz lodiarekin «Ok!» keinua egiten zuten eta beste batzuek jakin-minez begiratu eta mobilizazioaren berri izan nahi zuten. Getariako semaforoetan adibidez, geldirik ziren autoei esku orriak eta azalpenak ematen nahiko lan izan zuten.

Haramburu, Esnal eta Parot anaiek, espetxean «egun bat gehiago ere ez» dutela pasatu behar exijitzen zuen mezu nagusiaz harago, frantsesez irakur zitezkeen bestelako mezuak ere baziren, hala nola, «1990etik espetxean», «Bakea, orain presoak» edo «mugagabe, irteera datarik gabe» ziotenak kasu.

Ekimena ez zen denen gustukoa izan, ordea. Donibane Lohizuneko McDonalds ondoan den biribilgunean, esaterako, izan zen arazorik, zenbait kidek azaldu zutenez: «Polizia modu txarrean etorri da ikusmena oztopatzen genuela esatera». Aitzitik, orokorrean «arazorik gabe eta oso ongi pasatu da», adierazi zuten antolatzaileek.

Deialdiak izan zuen harrera «uste baino handiagoa» izan zela onartu ostean, honako gogoeta egin zuen Martinek: «Parte hartze zabal honek presoen egoera desblokeatzeko nahia badagoela frogatzen du».

Ekainaren 16an Baionan

Bagoazek banatu zuen esku orrian irakur zitekeenez, «legea ez aplikatzeak ekartzen duen sufrimendua salatu» eta «norbanakoen eskubideak urratuko ez dituen justizia bat» aldarrikatzeaz gain, «bake prozesuaren eta elkarbizitzaren aldeko apustua egiten den honetan esperantza faltsurik ez egitea eskatzen dugu».

Zentzu horretan, Bagoazeko bozeramaileak esan zuenez, «hurrengo mobilizazio handia ekainaren 16an izango da Baionan, “Presoak etxera” lemapean, zeren hurbilketa batzuk izan dira, baina Haramburu, Esnal eta Parot anaiak zein legedia aplikatuta kalean egon daitezkeen denak, lehenbailehen kaleratu behar direla uste dugu».