INFO

Elezkanok eta Retegik egin dute aurrera Eibarren

Zaratamokoak partida erraza izan du Axier Arteagaren aurka (22-6) eta Eratsungoak ezinezkoa zirudien partida altxatu du (22-21), markagailuan 14-21 atzetik joan ostean.

Victorrek eskura zuen garaipena galdu du (Juanan RUIZ/FOKU)

Aspeko bi pilotarik, Danel Elezkanok eta Julen Retegik, lortu dute final zortzirenetarako txartela, bi partida arras desberdinetan nagusitu ostean.

Elezkanok uste baino errazago lortu du bere ibilbideko lehen garaipena lehen mailako buruz burukoan, Axier Arteagari 22-6 irabazita. Distantzian entrenatzeko aukerarik izan ez badu ere, Zaratamokoak oso partida borobila egin du, saketik hasita gauzak oso ondo eginez.

Lasarte-Oriakoak, ordea, erakutsi du etorkizunean gauza politak egiteko dohainak badituela, baina presaka antzean jokatu du, erraztasun handiak eman dizkio aurkariari eta aukera berri bat itxaron beharko du.

7-0eko hasierako partzial bati esker, azkar uxatu ditu Elezkanok zekartzan zalantzak eta presio guztia Arteagaren bizkarrean jarri du. Hiru hilabete zeramatzan gipuzkoarrak partida hau prestatzen eta ardura horrek jan egin du, buelta emateko inolako aukerarik gabe utziz.

Orain arteko partidarik lehiatuenean, ordea, Victor Estebanek esku-eskuan izan du partida, markagailuan 14-21 ere aurretik joanda. Are gehiago, garaipena berea zuen sake-errematean gutxiago arriskatu edo Retegik kontrakantxara bota duen pilota bati bote egiten utzi izan balio, baina kale egin du, «buruan nuen zabor guztia gainera etorri zait», berak aitortu duen bezala, eta maldan behera amildu da.

Ordura arte, gauzak oso ondo egin ditu errioxarrak, pilotari beste abiadura bat emanaz, kontrolpean izan du uneoro erasoan kamuts antzean ibili den Julen Retegi, baina nafarrak, egoerarik okerrenean ere, bere indarrengan konfiantza izan duen bitartean, Ezcaraykoa bere zalantzetan ito da.