Laineza hartuta, txapelduna ere kanporatu du Elezkanok
Beste partida bikain bat jokatu du Zaratamokoak eta Aimar Olaizolaren aurka jokatuko du finalerdia (14-22).
Laineza hartuta dabil azkenaldian Danel Elezkano eta bere une gozo hori luzatuta, txapelduna ere txapelketatik at utzi du Zaratamokoak Labriten. Binakako finalean ez zuen berea emateko aukerarik izan, baina aspaldian nabarmen egin du gor a bere jokoan bizkaitarrak eta, beste partida handi bat jokatuta, merezimendu guztiarekin irabazi dio partida txarrik jokatu ez duen Oinatz Bengoetxeari.
Behin eta berriz errepikatu du Elezkanok ez dela pilotari luzea, baina pilota txisparekin irteten zaio eskuetatik, erresto bikainak jo ditu gaur ere eta, erasoko jokoan arriskuak hartuz eta asmatuz, garaipen bikain bat eskuratu du.
Atzo Bergaran bezala, partidak bi zati oso desberdin izan ditu. Lehenengoan gauzak berdinduta joan dira, nahiz eta Elezkano 0-4 eta 4-8 aurreratu den arren. Erritmo bizian jokatu dira tanto gehienak eta txapelduna tanto bat aurretik heldu da lehen atsedenaldira (12-11). Hala ere, hurrengo tantoan pilota txapara bidali du Leitzakoak, Elezkanok Oinatzen pilota bat jarri du jokoan eta sakearekin mina egin dio partida, oraingoan bai, erabat hautsiz.
Partida bezperan prestakuntza edo sasoia nagusituko ote ziren galdetzen zuten horiek erantzun argia eskuratu dute, Elezkanoren momentu ona geratzeko modurik ez du eta izan txapeldunak.