INFO

Q sukarraren agerraldia egiaztatu da Bilboko TMB lantegian

Osalanek, horretarako deituriko bileran, Bizkaiko Osasun Publikoko Epidemiologia Atalari, Garbikerri, UTE-TMB Arraizko Zuzendaritzari, IMQ-Prebentzioari eta Enpresa Batzordeari jakinarazi die Q sukarraren beste agerraldi bat antzeman dela Bilboko tratamendu mekaniko-biologikoko lantegian.


Q sukarraren hiru kasu egiaztatu dira, eta laugarren kasu bat egiaztatzeko dago tratamendu mekaniko-biologikoko lantegian, ELAk jakinarazi duenez. «Egiaztapen hori kontrajarrita dago Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen diputatu den Elena Unzuetak orain dela bi aste esandakoarekin», adierazi du sindikatuak ohar baten bidez.

IMQ-Prebentzioak egindako ingurumen-neurketen arabera, Q sukarra eragiten duen bakteriaren presentzia baztertzen zela adierazi zuen Unzuetak. Enpresa Batzordeak ordutik beretik erakutsi zuen bere desadostasuna neurketak egiteko moduarekin, emaitza «premeditazioz aldatzeko» aukera ematen baitzuen. Osalanen arabera «neurketak ez dira erabakigarriak» Q sukarraren agerraldia egiaztatzeko.

Honen aurrean, ELAk «Garbikerri eta Valorizari propaganda politikoa  UTE-TMB Arraizko langileen osasunaren gainetik ez jartzeko», eta kontu horretan duten erantzukizuna «behar bezala onartzeko» ere eskatu dio Aldundiari.

Osalanen eta Osakidetzaren arabera ikerketa aurrera doa, plantillako eta kontratetako langile askori egiten zaizkien probak ez dira eten. Hortaz, bilerara joandakoek etengabeko jarraipena egitea erabaki dute, eta beste bilera bat finkatu dute, maiatzaren 17rako. Ordurako, aztertzeko datu gehiago izatea espero dute, eta aurrerantzean agerraldi gehiago ez izateko prebentzio-neurriak erabaki ahal izango dituzte.

Enpresa Batzordeak lantokia hitzaldi bat antolatzeko eskatu dio Osalani, Osakidetzarekin batera, langileei argibideak zabaltzeko.