INFO

Ezkerraberri Fundazioak eta Euskaltzaindiak euskararen erabilera informala aztertuko dute

Ezkerraberri Fundazioak eta Euskaltzaindiak euskararen erabilera informala aztertzeko jardunaldi bat antolatu dute ekainaren 1erako. ‘Euskara batua eta tokian tokiko erabilera: korapiloak eta erronkak’, lelopean Euskaltzaindiak Donostian duen egoitzan.

‘Euskara batua eta tokian tokiko erabilera: korapiloak eta erronkak’ jardunaldia aurkeztu dute. (Juan Carlso RUIZ / FOKU)

Mikel Zalbide, Inma Muñoa, Orreaga Ibarra, Asisko Urmeneta, Adolfo Arejita, Joxerra Gartzia eta Xabier Euzkitzeren eskutik Ezkerraberri Fundazioak eta Euskaltzaindiak euskararen erabilera informala aztertuko dituen jardunaldi bat antolatuko dute. Ekainaren 1ean Euskaltzaindiak Donostian duen egoitzan bilduko dira.

Iñaki Irazabalbeitia Ezkerraberri Fundazioko zuzendari eta euskaltzain urgazleak azaldu duenez, «Ggizartean pil-pilean dagoen gaia da euskararen erabilerarena, eta sarri sortzen dira kalapita eta nahasteak». Horri erantzuna emateko antolatu dute jardunaldi hau. «Euskara batuak garapen izugarria izan du azken 50 urteotan, baina esparru formaletatik at, arautu gabeko esparruetan, nola jokatu behar dugu? Horretaz jardungo dugu ekainaren 1ean», adierazi du.

Miriam Urkia euskaltzain oso eta Akademiaren Gipuzkoako ordezkariak elkarlanaren garrantzia azpimarratu nahi izan du gaurko agerraldian: «Euskaltzaindiak gizarte eragileekin harreman estua dauka eta horren erakusgarri da ekintza berri hau». Bide batez, Luis Villasante Ikerguneak biltzen dituen proiektu eta taldeak aletu ditu Urkiak eta euskal gizartearentzat «ateak zabalik» dituztela nabarmendu nahi izan du..

Bide beretik, Sagrario Aleman euskaltzainak Sustapen batzordeak badituela bere eginkizun propioak azpimarratu du, baina, horietaz gain, «kanpotik jasotako proposamenak aztertzen eta bultzatzen dituela sarritan».