INFO

Justizia «espekulatzaileekin lerrokatu» dela salatu dute Kortxoeneako kideek

2015eko azaroan eraikuntza enpresak burura eraman zuen hutsarazte «ilegala» bide judizialera eraman zuten Kortxoeneako kideek, baina epaitegiak «berriz ere espekulatzaileekin lerrokatu»  direla eta gaztetxea husteko erabakiari babesa eman diotela salatu dute. «Epaitegiak sistema anker honen beste katebegi bat besterik ez dira», azpimarratu dute.


Sareetan zintzilikatutako bideo baten bitartez, Kortxoeneako kideek azaldu dute 2015eko azaroaren 3ko hutsaraztea agindua eman zuen enpresaren aurka epaitegietan jarritako salaketaren epaia jaso dutela eta, «berriz ere Justizia espekulatzaileekin lerrokatu dela».

Gogoratu dutenez, modu «ilegal» batean hustu zuten Kortxoenea, tartean ez zelako epaitegien ebazpenik izan. Eraikuntza enpresak bidalitako segurtasun pribatuko langileek kanporatu zituzten gaztetxean zeuden kideak.

Bide horrek marka zezakeen «aurrekari arriskutsua» aintzat hartuta –Euskal Herrian ez baitira batere ohikoak «epaitegi eta polizien esku hartze zuzenik gabeko» desalojoak–, «arrotza zaigun epaitegien bide arantzatsua» ere hartu zuten, baina ebazpenak «enpresa barkatu» duela gaitzetsi dute.

«Inoiz baino argiago geratu zaigu epaitegiak sistema anker honen beste katebegi bat besterik ez direla», esan dute, erabaki honek izan ditzakeen ondorioez ohartarazita. 

Era berean, afera honen inguruan Udalak izan duen jarrera kritikatu dute eta Kortxoeneako kideei eskainitako elkarrizketa «aurpegi zuritze» bat besterik ez zela izan azpimarratu dute.

Aldarrikatu dute ez dela ezer amaitu eta, epaiaren ondoren, «kalera ateratzeko arrazoi bat gehiago» daukatela: «Haria ez da eten. Kalean ikusiko dugu elkar». #BizitzaDaHandiena kanpainan parte hartzeko deia egin dute.