INFO

Pentsiodunek borrokan jarraituko dute «gobernuan dagoena dagoela»

Bizkaiko pentsiodunen mugimenduak iragarri zuen hurrengo astelehenean 12.00etan manifestazioa egingo dutela Bilboko udaletxetik abiatu eta Moyua plazaraino, espainiar Gobernuaren egoitzaraino.


Pentsiodunen elkarretaratzeek ez dute etenik Hego Euskal Herriko hiriburu eta hainbat herritan. Borrokan jarraituko dutela ohartarazi zuten leku guztietan, «pentsio publiko, duin eta bidezkoen alde, gobernatzen duenak gobernatzen duela ere».

Bizkaiko pentsiodunen mugimenduak iragarri zuen hurrengo astelehenean 12.00etan manifestazioa egingo dutela Bilboko udaletxetik abiatu eta Moyua plazaraino, espainiar Gobernuaren egoitzaraino. «Entzun gaitzaten, ez ikusiarena egin ez dezaten eta jakin dezaten gure eskubideak aldarrikatzen ari garela», adierazi zuen Victor Etuya elkarteko kideak.

Bestalde, espainiar Estatuko Aurrekontu Orokorrak mantenduko dituela hitzeman zuen Pedro Sanchezek presidente kargua hartu zuenean eta, horren aurrean, Jon Fanok azpimarratu zuen pentsiodunen inguruko hitzarmena ez dela nahikoa. «KPIarekin bat datorren igoera, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta iraunkortasunaren eragilea indargabetzea» aldarrikatzen jarraituko dutela gaineratu zuen Fanok; izan ere, uste osoa dute daukaten indarrarekin hori lortzeko gai direla.

Bide beretik, Luis Alejosek adierazi zuen pentsiodunen mobilizazioek PP eta Rajoyren Gobernua boteretik kentzen lagundu dutela. Dena den, zehaztu zuen erretirodunen erronka jada beste bat dela, «izan ere, ikusteko dago 1.080 euroko gutxieneko soldata bermatzeko gaitasunik baduen gobernu berriak, pentsio murritz eta altuen arteko zein gizon eta emakumeen arteko arrakala ezabatzeko».

Donostia, Gasteiz eta Iruñea

Donostian ehunka pertsona batu ziren Alderdi Ederreko batzarrean eta ondoren egin zuten manifestazioan. Espainiar Gobernuaren aldaketarekin «itxaropentsu» agertu ziren, nahiz eta Maria Serranok –Duintasuna Elkarteko kidea– oraindik zalantza batzuk badituztela onartu zuen. Helburuak bete daitezen oraingo Gobernu espainiarrari aukerak ematearen alde agertu zen Paco Antunez, «baina kalean jarraitzea ezinbestekoa» dela gogoraraziz.

Gasteizen manifestazioa egin zuten 300 erretiratu inguruk eta astelehenero kalera irtengo direla adierazi zuten, «%0,25eko igoera kendu arte». Zahar-etxeetako itxaron-zerrenda luzeengatik ere kexatu ziren.

Antzeko mezuak entzun ziren Iruñeko Udaletxeko plazak jaso zuen elkarretaratzean ere; 500 pertsona inguru batu ziren eta hurrengo astelehenean ordu berean, 12.00etan, bertan izango direla iragarri zuten.