INFO

Aldaketa indartu eginen da Nafarroan, nahiz eta UPN lehen indar gisa mantendu

EiTB Focusek Nafarroan egin duen inkestaren emaitzen arabera, Parlamentuan UPN izango da lehen indarra, baina Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerrak osatzen duten aldaketa mantenduko litzateke indarrean. Iruñeko Udalean, aldaketa gutxi egonen litzateke, baina Ciudadanos sartuko litzateke, UPNren kaltetan.

Laura Perez, Uxue Barkos, Adolfo Araiz eta Jose Miguel Nuin, legealdi honetarako akordioa sinatzean. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Nafarroako hauteskundeak UPNk irabaziko lituzkeela ondorioztatu du EiTB Focusek egindako inkestak. Javier Esparzak zuzendutako alderdiak, hala ere, 2,6 puntu galduko lituzke, %27,4tik %24,8ra jaitsiz eta 15 eserlekutik 13ra pasatuz. Geroa Bai litzateke bigarren indarra, bi eserleku irabaziz, 9tik 11ra, 3,8 puntu gehiago eskuratuz, bozen %15,8tik %19,6ra igaroz.

Aldaketa osatzen duten indarren arteko akordioa berretsiz gero, hau mantendu egin liteke. EH Bilduk bere zortzi eserlekuak mantenduko lituzke 0,2 puntu indartuz (%14,3tik %14,5era), Podemosek hiru galduko lituzke, laurekin geratzeraino eta bozen %6,2 bidean utziz (%13,7tik %8,5era) eta Izquierda-Ezkerrak jaso ditzake galdutako babes hauek, bi eserleku gehiago bereganatuz eta laurekin geratuz eta bozen %3,3 gehiago irabaziz (%3,9tik %7,2ra). Modu honetan, aldaketak 50 eserlekuetatik 27 lortuko lituzke.

Aldiz, oposizioko indarrek babesa galduko lukete. UPNk galdutako bi diputatuez gain, PPk bere biak galduko lituzke, Parlamentutik desargetuz soilik bozen %1,6 bereganatuz. Bere lekua Ciudadanosek hartuko luke, bozen %6,4rekin eta hiru diputatu lortuz. PSNk bere indarra mantenduko luke zazpi ordezkarirekin eta bozen %13,7 lortuz (2015ean %13,4).

Iruñean, aldaketa gutxi

Nafar hiriburuan ere aldaketa mantentzeko aukera berretsiko litzateke. UPN izanen litzateke, beste behin, lehen indarra, baina zinegotzi bat galduko luke, 9rekin geratuz. Bozen %31tik %29,9ra pasako litzateke. Galdutako ordezkaria Ciudadanosen eskuetara joanen litzateke, lehen aldiz Udalean sartuko litzatekeena.

Alkatetza duen EH Bilduk izanen litzateke gehien igoko litzakeenea. Joseba Asironek zuzenduta, bost eserlekuak mantenduko lituzke, baina bozen %16,6tik %18,5era pasako litzateke. Eserleku berdinak berdinak bereganatuko lituzke Geroa Baik, baina puntu bat gutxiagorekin. Bozen %17,5 izango luke, 2015eko %15,7aren aurrean.

PSNk ez luke inongo aldaketarik izanen, hiru eserleku mantenduz eta babesa %10ean egonkortuz. Aranzadik, bere aldetik, ordezkari bat galduko luke, zein Izquierda-Ezkerrak irabaziko lukeen.