Igandeko giza katean parte hartzeko deia egin die EH Bilduk herritarrei
EH Bilduk Gure Esku Dagoren giza katean parte hartzeko deia egin du «guztiok batera aldarrikatzeko gure etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatuak izateko eta libre eta demokratikoki adierazten dugun borondatea errespetatua izateko dagokigun eskubidea eta gaitasuna daukagula».
Maddalen Iriartek, Miren Larrionek eta Jasone Agirrek agerraldia egin dute eta igandeko giza katearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute, «espainair Estatuari argi uzteko euskal herritarrok herri libre eta demokratiko batean bizi nahi dugula». Ekimen horretan parte hartzera dei egin diete euskal herritar guztiei, «guztiok batera aldarrikatzeko gure etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatuak izateko eta libre eta demokratikoki adierazten dugun borondatea errespetatua izateko dagokigun eskubidea eta gaitasuna daukagula».
Adierazi dutenez, «momentua da kaleak betetzeko Madrilen ozen entzun dezaten erabakitzeko eskubidearen aldarria. Igandean aukera ederra daukagu Estatua erakusten ari den maila demokratiko eskasari erantzun sendoa emateko».
Zentzu horretan, espainiar Konstituzioaren 155. artikulua Kataluniari ez ezik, Euskal Herriari ere aplikatu dakiokeela azpimarratu dute eta Estatua «herritar guztien oinarrizko eskubideak inolako erreparorik gabe urratzeko» prest dagoela ohartarazi ostean, Iriartek, Larrionek eta Agirrek ezinbestekotzat jo dute «gure erabakiak hemen hartzea eta errespetaraztea», hori baita bidea «jendearen ongizatea hobetzeko eta eskubide sozial eta ekonomikoak bermatzeko».