Lehen kilometrotik azkenera, batzen gaituenaren bila
Lehen eta azken katebegiak dira Paulo eta Aroa; bien artean 201,9 kilometro eta milaka lagun eskua hartuta. Distantzia handia da, gizon honen eta emakume gazte honen artean dagoen adin tartea bezalaxe. Batzen dituen haria sendoa da, ordea: etorkizuna elkarrekin erabakitzeko grina.
Konplizitate begiradak eta partekatutako irribarreak daude Aroa Arrizubieta eta Paulo Muñoaren artean. Orain gutxi ezagutu dute elkar eta lotura berezia sortu da beraien artean. 16 urte ditu Arrizubietak, puska bat nagusiagoa da Muñoa, 77 urteko bidaniarra, eta bihar zeregin garrantzitsua izango dute Gure Esku Dagok antolatutako giza katean. Lehenengo katebegia izango da Muñoa, azkenekoa gazte gasteiztarra.
Sinbolikotik harago du Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko dituen giza katean beteko duten zeregina. Gizon ekintzailea, urte luzez Kutxako langile izandakoa eta ordu libreetan buru-belarri ikastoletan lanean aritua da Muñoa. Gure Esku Dagon diruzain dabil sortu zenetik. Arrizubieta Batxilergoko lehenengo maila ikasten ari da, irakasle ikasketak egitea gustatuko litzaioke eta aisialdian bertsotan eta musika jotzen aritzea gustatzen zaie. Bien bideak Gure Esku Dago herri dinamikan gurutzatu dira eta bihar milaka eta milaka pertsona elkartuko dira bien artean eskutik helduta. Erabakitzeko eskubidearen aldarriak batuko ditu guztiak.
«Zein ez dago erabakitzeko eskubidearen alde? Azken finean, gure iritzia kontuan hartzea nahi dugu. Kontziente naiz nola beste batzuen menpe gauden eta orduan hori aldatu nahi dut», horrela azaldu du gazteak GEDen parte hartzera eraman zuen bulkada. Irribarretsu adierazi du burujabetzaren garrantzia, eta helburua lortzeko lanketa etengabe egin beharra dagoela azpimarratu du. «Giza katea oso gauza bisuala da, erakusten du asko garela egoera aldatu nahi dugunak. Baina borroka lokalak eta aurrera daramatzagun jarduerak ez ditugu albo batera utzi behar. Gure Esku Dago ez da bakarrik giza kate bat», aipatu du.
Muñoa ere bat dator Euskal Herriaren estatus politikoaren gainean erabakitzera iristeko lanketa handia egin beharra dagoela. Ongi gogoratzen du Gure Esku Dago lehen urratsak egiten hasi zen unea eta egindako bideak baikor izateko arrazoiak ematen dituelakoan dago. «Hasieran zeuden jeltzaleak, ezker abertzalekoak, sozialistaren bat ere bazegoen... Hori asko gustatu zitzaidan», gaineratu du. Goierrin sortutako Nazioen Mundua ekimenaren ondorena izan zen Gure Esku Dagoren jaiotza, eta hasieratik azpimarratu dute kultura politiko berri bat errotzera zetozela, ezberdinen arteko elkargune izateko xedearekin eta helburu komun batekin: erabakitzeko eskubidea gauzatzea. «Garrantzitsua da hori, eskatzen duguna oinarrizkoa da eta giza katean ondoan dugunak agian ez du berdin pentsatzen baina erabakitzeko eskubidearen oinarri hori geurea da, guztiona», azaldu du Arrizubietak.
Galdeketara iritsi arte
Hankak lurrean jarrita erantzun dute biek joera politiko ezberdinetako jendea erakartzeari buruz galdetzean, independentista/ez-independentista binomioa apurtzea kostatzen dela ezkutatu gabe. «Hasi besterik ez gara egin. Gure helburua zein da? Jende guztia bere erabakien jabe izatea. Horretan sinesgarritasuna irabazi dutela uste dut», dio Muñoak. «Hau karrera bat da. Independentista izatez? Neu ere bai –jarraitzen du–. Baina konbentzituta nago beste aurrerapauso batzuk eman behar ditugula. Euskal gizarte osoa batzera joan behar gara. Oraindik urruti gaude. Aurretik kapaz izan behar dugu errespetu osoz eskuindar, ezkertiar zein akrata, edozein gaiez lasai hitz egiteko. Azken galdera horretara iritsi arte».
Arrizubietaren ustez horregatik da bereziki garrantzitsua lehenengo pausoa, erabakitzeko eskubidearen aldekoa, batera ematea. «Gero bakoitzak hartuko du bere erabakia, independentista izan ala ez», gaineratu du.
Gizartea aktibatzea da gakoa. Giza katearekin hori lortu nahi dute, eta bigarren helburu bat ere ezarri dute aurtengoan, Hego Euskal Herriko erakundeak interpelatu eta euren nahia helaraztea. «Kaleko tenperatura ikusi behar dute politikariek. 2019 hauteskunde urtea da eta gu ere horri begira gaude. Herriaren zati garrantzitsu batek zer pentsatzen duen helarazi nahi diegu, lagungarri izango delakoan. Azken finean, guk galdeketara iritsi nahi dugu. Alderdiekin, duda gabe; eta bestela, ikusi beharko litzateke, baina garbi daukagu haiek konbentzitu behar ditugula», azpimarratu du bidaniarrak.
Eginkizun horretan ardura berezia izango dute eta ohorez hartzen dute. «Garrantzitsua iruditzen zait ikusaraztea gazteok, emakumeok eta arabarrok ez garela beste batzuk baino gutxiago. Plazer bat da horretan parte hartu ahal izatea, horren ikur izanagatik ni edo nire ondokoa», aitortu du Arrizubietak, gazteei parte hartzeko deia egitearekin batera. «Hor gaudela erakusteko aukera bat da, gazteok gerora borrokatuko den gizataldea osatzen dugu».
Adi entzun diote elkarri lehen eta azken katebegiari izaera emango diotenek. «Nik 77 urte eta Aroak 16, jende hori guztia hor barruan nahi dugu. Eskatzen diet ekimenean parte hartzeko, eta aurrerago asmatuko dugu hau dena zer den eta zerbait eskainiko diogu gizarteari», helarazi du Muñoak. Ikastolako garaiak gogoratzen, bizirik mantendu dituen elkarlana jarri du adibide. «Euskal jendea hor kokatu gara eta gaur egun ikastolek hor segitzen dute. Nik hor kokatzen dut hau ere, aniztasunetik mugimendu potente bat sortzean. Hori da nire ametsa».