INFO

Ohorea eta poz handia Donostian, halako mobilizazio erraldoi bati hasiera ematean

Ohorea, poza, emozioa, zirrara... Halako hitzak aipatu dizkiote NAIZi giza katearen lehenbiziko kilometroa osatu duten lagunek. Lehen-lehen lekuan, Paulo Muñoa, «indarrak batzeko bidean gaudela» konbentzituta. Berarekin solasean eta kameren helburu bera ere, Gabriel Rufian diputatu katalana, bere herriko eta Euskal Herriko aldaketek elkar topatu behar dutela defendatuz. Ondotik, pentsionistak, «hemen bizi, hemen erabaki» oihuka. Geroago, feministen artean, Reyes Carrere Donostiako alkate izateko EH Bilduk aurkeztu berri duen hautagaia. Eta herritar ugari, Lapurditik etorritako kuadrilla anitz bat adibidez, «herri honen erantzunarekin harro».

Donostian Kontxatik barrena zihoan giza katea. (Idoia ZABALETA/FOKU)

«Ez dut uste pertsona bat ere egongo denik ez litzaiokeena bere iritzia galdetzea gustatuko. Gauza naturala da». Argi mintzo da, eguerdia baino ordubete lehenago jada bere lekuan txintxo, Paulo Muñoa Gure Esku Dagoren mobilizazio erraldoiaren lehen katebegia. «Nire etxea nahi dut, on eta txar guztiekin», erantsi du, jendea GED mugimenduarekin bat egitera animatzearekin batera.

Azken momentura arte jendea izena ematen aritu da Bulebarreko kiosko inguruan jarrita zegoen postuan. Apuntatu gabe ere sartu da giza katean makina bat lagun, lagunartean batzuk, ezezagunei eskua emanda bertzeak, batzen dituen erabakitzeko ilusio eta gogoak ematen duen konplizitate berezi horrekin. Ordua iritsi baino lehenago lasterka eta saltoka zebiltzan Alde Zaharreko Orixe Ikastolako haur eta gurasoak, ikurrina erraldoi batekin. Haritz Elizegi aitak azaldu digu «euskaldunak garelako, ez beste ezer» nahi duela erabaki. «Batez ere kulturagatik, baita ekonomiagatik ere».

12.00ak baino minutu gutti lehenago tximeletak ugarituz doaz sabelean, jendea jada prest dago, batzuk eskua elkarri emanda, bertzeak zapiekin lotuta. Eta 12.00etan puntuan ondokoari gogor heldu eta igo dira denak olatura. Gainean, eskuz esku, Herritarron Ituna, Donostiako lehenbiziko kilometrotik Gasteizko Parlamenturaino iritsi dena, 201,9 kilometro beteta, 175.000 katebegi baino gehiagorekin.

Katea osatu eta gero, giro ona aprobetxatuz, Alde Zaharrera jo du hainbat lagunek freskatzera. Bertzeak Alderdi Ederren jarritako oholtza inguruan bildu dira. Hantxe dago Reyes Carrere EH Bilduren Donostiako hautagaia, EAEko hiriburuak batu izanaren garrantzia aipatuz. «Herritarron hitza kalean adierazi behar dugu, ea entzuten duten zer nahi dugun, erabakitzeko eskubidea». Mugimenduaren aniztasuna nabarmendu du, tartean Kontxako barandillan estu-estu egon diren feministak, erabakitzearen alde ekarpena egiten ari direnak bertze kolektibo aunitzekin batera.

Kontzertuen gune honetan ezagutu dugu Lapurditik etorritako kuadrilla anitz bat ere, hainbat jatorritakoak: Urruña, Donostia, Berriozar eta Belfast. Donostian bizi den Hugh irlandarrak agertu du bera hemen bizi dela eta denontzako herri bat egiten ari garela, berak ere parte hartu duela jendarte hau hobetzeko ahaleginean.