INFO

Hondakinak Bizkaian tratatzeko hitzarmena onartu du GHK-k

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) argi berdea eman dio Bizkaiarekin egindako lankidetza hitzarmenari, Zubietako erraustegia martxan jarri arte hondakinen tratamendua bermatzeko. 

Zubietako errauste planta eraikitzeko lanak. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Botoen %83,3a alde eta %7a kontra izan ditu Bizkaiarekin egindako lankidetza hitzarmenak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren batzarrean eta, hortaz, onartu egin dute akordioa

Gipuzkoako Aldundiak eta GHK-n ordezkaritza daukaten mankomunitateek babestu egin dute lizitazio publikoa, Tolosaldeko eta Urola Erdiko mankomunitateek izan ezik. 

Aldundiko Ingurumen diputatu eta GHK-ko presidente Jose Ignacio Asensioren esanetan, «hitzarmen honi esker, Gipuzkoak zuen ziurgabetasuna amaitu da eta gure hondakinen kudeaketa bermatuta gelditzen da» Zubietako eurraustegia abian jarri bitartean. 

Iragarri zuten bezala, 2018 eta 2019 urteetan egongoda akordioa indarrean eta alderdiren batek salatu ezean lau urtez luzatzeko aukera egongo da. 

Bi fasetan bereizi dute hitzarmena. Lehenengoan, datorren irailetik abenduaren 31ra artekoa izango den tartean, Bizkaiak aukera emango dio Gipuzkoari astean 1.300 tona tratatzeko, guztira gutxienez 20.000 eta gehienez 25.000 tona izango direlarik.

Bigarren aldia 2019. urte osoa hartuko du eta gutxienez 25.000 eta gehienez 60.000 tona tratatzeko aukera emango du.

Prezioa ere desberdina izango da fase bakoitzean: 2018an hondakinak aldez aurretik tratatu gabe iritsiko direla eta, hortaz, egun indarrean dagoen tonako 119 euroko prezio publikoari 15,54 euro gehitu beharko zaizkio. 2019an, aurreikusita dago Gipuzkoako hiri hondakin solidoen zati bat Zubietako tratamendu mekaniko biologikoko plantan aurretatramendua jaso ondoren bidaltzea eta, kasu horretan, herrialdean indarrean dagoen prezio publikoa baino ez da ordainduko.