INFO
Elkarrizketa
EñAUT LERTXUNDI
LASTERBIDEAN-EKO ANTOLATZAILEETAKO BAT

«Lehenengo dortsalak Ibon Iparragirreren izena darama»

Eñaut Lertxundik dioenez, dena prest dago Ondarroan bihar Lasterbidean-eko seigarren edizioa jokatzeko. Aurten lehenengo zenbakia izango duen dortsalak Ibon Iparragirre larriki gaixorik dagoen presoaren izena eramango du. Lertxundik dioenez, «elkartasun keinu bat da».


Lasterbidean ekimenaren seigarren edizioa jokatuko da bihar, Ondarroan. Eñaut Lertxundi aurtengo lasterketa antolatu duen taldeko kidea da, eta berak nabarmendu duenez, euskal preso eta iheslariekin eta haien gertukoekin elkartasunez jaiotako kirol arloko herri ekimena da, zehazki, lasterketen arlokoa. «Euskal errepresaliatuei babesa eman nahi diegu eta gure artean egon behar direla aldarrikatu nahi dugu», azaldu du.

Aurten lehenengo zenbakia duen dortsala Ibon Iparragirre larriki gaixorik dagoen euskal preso ondarroarraren gertukoek jantziko dutela iragarri du. «Senideren bat edo Iparra Galdu Baik plataformako kideren batek eramango du. Elkartasun keinu bat izango da», adierazi du. Iparragirre Arrasateko Aita Meni zentroan preso dago, eta keinu honekin gaixo dauden presoen askatasuna aldarrikatuko dute.

Halaber, hasierako ekitaldian motxiladun ume batek parte hartuko duela gaineratu du Lertxundik. Ondoren abiatuko dira lasterketak. Luzea, 8 kilometrokoa, Ondarroako Musika plazatik aterako da 11.00etan, eta jada 500 lagun baino gehiagok eman dute izena: «530 inguru apuntatu dira eta igandean bertan jendea apuntatu daiteke». Lasterketa laburra 3 kilometrokoa izango da, eta parte hartu nahi duenak bihar bertan eman beharko du izena, Ondarroan.

Guztira 800 lagun baino gehiago espero dituzte bi lasterketetan. Eta korrika egingo ez dutenentzat ere hainbat ekimen prestatu dituzte antolatzaileek. Lertxundik dioenez, 10.00etan zumba luzaketa saioa izango da, eta 13.00etan sari banaketa. Beste edizioetan bezala, presoek paper nagusi bat jokatuko dute, haiek egiten baitituzte banatuko diren sariak. Eskulanak heldu dira jada estatu espainol zein frantseseko espetxeetatik, eta sare sozialetan ikusgai daude.

Etorkizunari begira, Lertxundik gogora ekarri du Lasterbidean berriro ez errepikatzeko sortutako ekimen bat dela, errepresaliatu guztiak etxean egongo balira ez luketelako errepikatuko. Baina, tamalez, «daukagun egoera ikusita», datorren urtean errepikatu egin beharko dela uste du. 2012. urtean egin zuten lehenengo Lasterbidean, Oiartzunen, eta ordutik pauso gutxi eman dituzte estatuek, salbuespenezko neurriek oro har bere horretan diraute-eta. Herritarrek korrika jarraituko dute euskal preso eta iheslarien eskubideen alde.