INFO

‘Manadari’ bertsotan

Bertso sorta honekin erantzun diote Lekeition Sanferminetako talde bortxaketan errudun jotako bost gizonen askatasunari. Samina, amorrua eta mina, indar eta talde bihurtzeko apustua egiten dute bertan. Klittok zabaldu ditu bertsoak.

Iruñeko mobilizazioa erasotzaileen askatasuna ezagutu orduko. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Iruñeko 2016ko sanferminetan neska bat bortxatu zuten bost erasotzaileak aske utzi ostean askok sentitutakoa jasotzen du bertso sorta honek. Lekeitiotik iritsi dira bertsoak. Naiara Perez Iglesiazek egin ditu eta Julia Piñel Arribasen eta Amaiur Siejo Diazen ahotsean entzun daitezke. Klitto atari feministak zabaldu ditu.

Sanferminetako talde bortxaketan errudun jotako bost gizonak aske dira joan den ostiraletik. Ostegunean, 6.000 euroko bermepean behin-behinean aske uztea erabaki zuen Nafarroako Auzitegiak. Mobilizazio eta protesta soka luzea eragin du erabaki honek.

Hemen bertsoak oso osorik:

Emakumea nahieran

erabili dutenean

askatasunik eman diete

azkenik trukean

jokaldi zikin artean

justizia era berean

manada handi bat egingo dugu

bien bitartean (bis)

 

Ezetza ezetza dala

ulertzen erraza zala

matematikan 1 eta 1

bi diren bezala

emakumeon kontrara

labankada eta bala

ta justiziak patriarkatua

defenda ez dezala (bis)

 

Eragindako samina

amorrua eta mina

egun hotako zenbat epaien

sententziek egina

ta guregan eragina

handia da ahalegina

bakarka indarra badaukagu

batuta imajina (bis)

 

Gaurko gizarte hiltzaile

hontan beti gu galtzaile

aske izateko errazago da

izanda bortxatzaile

injustizien epaile

gizarte ez berritzaile

askatasuna lortzean

izango gara garaile (bis)