INFO

Bizikleta martxa egingo dute Tolosan igandean, Villabonako senar-emazteen heriotza salatzeko

Villabonako Carrasco-Agirre familiak Leonen jasandako ezbehar larria salatzeko bizikleta martxa neutralizatua antolatu du Oriako Txirrindulari Eskolak igande arratsalderako Tolosan. Alkohol frogan positibo eman zuen gidari batek harrapatuta, senar-emazteak hil eta semea zauritu zen.


Oriako Txirrindulari Eskolako zuzendaritzak oharra kaleratu du, eskola horretako kide diren Orats haurra eta bere gurasoek Leonen izan duten istripu larria salatzeko.

Done Jakue bidea txirrindaz egiten ari zirela auto batek harrapatu zituen atzo goizean Leongo Matallana de Valmadrigalen, eta senar-emazteak hil zituen, Jose Carlos Carrasco eta Nerea Agirre. Haien 12 urteko seme Orats zaurituta geratu zen eta Leongo ospitalera eraman zuten. Gidariari alkohol froga egin zioten eta legeak baimendutako tasa bost aldiz gainditu zuen. Ihes egin zuen, baina handik kilometro gutxira atxilotu zuen Guardia Zibilak, istripuaren lekukoek emandako informazioari esker.

Oriako Txirrindulari Eskolak elkartasuna eta doluminak helarazi dizkie senitarteko eta lagunei eta «aurrerantzean egon daitezkeen epai eta prozesuetan» babesa eta laguntza emateko konpromisoa hartu du.

Horrelako «gertaera tamalgarri gehiago» jazo ez daitezen lanean jarraituko dutela nabarmendu du bere oharrean.

Horrekin batera, igande honetan, arratsaldeko 16.00etan, bizikleta martxa neutralizatua antolatu du Tolosan, protesta moduan. Amaroz auzoan izango da, bertan egingo den kadeteen lasterketa baino lehen.