INFO

Patxi Ezkiaga idazle legorretarra zendu da, 74 urterekin

Patxi Ezkiaga idazlea hil da bart, gaixotasun baten ondorioz. 1943an Legorretan jaioa, poesigintzan egin du ibilbide oparoena, nahiz eta hainbat eleberri ere kaleratu dituen. Bestetik La Salleko anaia ere bazen eta bertako ikastetxeetan irakasle gisa aritu da Ezkiga.

Patxi Ezkiaga, 2012an egindako elkarrizketa batean. (Gari GARAIALDE / FOKU)

Patxi Ezkiaga idazle legorretarra gaur gauez zendu da, 74 urte zituela eta gaixotasun baten ondotik. Idazle izateaz gain, La Salleko anaia izan da Ezkiaga, eta irakasle aritu da. 

Cambridge eta Oxfordeko unibertsitateetan literatura ikasi ostean, Deustuan ere Historian lizentziatu zen Ezkiaga. Horren ostean idazteari ekin zion, eta poesiaren arloan egin du ibilbide oparoena. ‘Beldur naiz’ (1985), ‘Aiodi herriko kantak’ (1986), ‘Armaggedon’ (1986), ‘Gernika’ (1987); ‘Keiko eta beste udazkenak’ (1988), ‘Komediaren Jainkoa’ (1993), ‘Zauriaren salmoak’ (1997), ‘Udazkenerako hamar kanta’ (1999) edo iaz argitaratutako ‘Urrutiko lur hauek’ dira haren lanetako batzuk. 

Hala ere, poesiatik haratago itzulgintzan, narraziogintzan, eta haur eta gazte literaturan ere egin ditu bere lanak legorretarrak. Hiru eleberri ere idatzi ditu: ‘Charles Moulay’ (1990), ‘Bi zisneen hegada’ (1992) eta ‘Zure haragi bereko’ (1996).

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Ezkiagaren obraren antologia bat argitaratu zuen 1994an, ‘Haize hurbila’ izenburupean.