INFO

Uxue Barkosek bere gain hartu du Euroeskualdeko lehendakaritza

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko hiru lehendakariek bilkura egin dute Iruñean eta bertan eman den txanda aldaketaren ondorioz, Uxue Barkosek hartu du taldearen presidentetza, Alain Rousseten ordez. Euroeskualdearen 2014-2020 Plan Estrategikoaren eguneratzea ere izan dute hizpide. 

Alain Rousseten eskutik jaso du Uxue Barkosek Euroeskualdearen aginte makila. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Nafarroako Artxibategiaren klaustroan egin dute bilera Lakua, Nafarroa eta Akitania Berriko lehendariek, Iñigo Urkulluk, Uxue Barkosek eta Alain Roussetek. 

Txanda amaitu duen Alain Roussetek aginte makila eman dio Uxue Barkosi, 2020ra arte Nafarroari baitagokio Euroeskualdeko lehendakaritza.

«Legealdi honetan zehaztutako konpromisoetako bat gauzatu dugu, Euskadi eta Akitania Berriarekin Europako lurralde arteko kooperazioan aritzea», azpimarratu du Barkosek. 

Hasitako lanekin jarraitzeko erronka beren gain hartu dute Euroeskualdeko lehendakariek eta, Barkosen esanetan, taldearen «gobernantzan aurrera egiteko proiektu berrien garapenean aritzeko» konpromisoa ere zehaztu dute, «Europako testuinguruan gero eta hobeto kokatzeko helburuarekin gure Euroeskualdeko gizartearen interes orokororrarentzako lan eginez». 

Lehendakaritzaren aldaketa gauzatu aurretik, Euroeskualdeko ordezkariek onartu egin dute 2014-2020 Plan Estrategikoaren eguneraketa, entitatean sartu diren azken kideekin bat egin ahal izateko. Limousin eta Poitou-Charentes 2016an sartu ziren Euroeskualdean eta, Nafarroa, aldiz, 2017an itzuli zen 1992an sustatu zuen entitatera.

2018. urte honen lehen sei hilekoan Plan Estrategikoa eguneratzeko prozesuan aritu dira lanean. 2014tik egindako jardueren balantzea egiten du dokumentuak eta egungo egoera sozioekonomikoaren diagnostikoa egiteaz gain, mugaz bestaldeko lankidetzan ari diren 200 eragile baino gehiagoren ekarpenak ere biltzen ditu.

Egindako analisiak hasieran aurreikusitako ardatzak helburu estrategiko gisa mantentzen ditu: Euroeskualdeko hiritarrak, ekonomiaren ezagutzaren arloa, berrikuntza eta enprea lehiakortasuna eta lurralde eta mugikortasun jasangarria.

Aipatu helburuetako bakoitza jarduera ildo eta ekintza desberdinetan zehazten da, guztira, 14 jarduera ildo eta 36 ekintza definituz.

Ardatzetako lehenengoan, lotura handiagoa duten Euroeskualdeko hiritarrak lortzea da xedea. Horretarako, hiru ildo garrantzitsu aurreikusten dituzte: Euroeskualdeko hizkuntzen ezagutza eta erabilera hobetzea; kultura lankidetza egituratzeko benetako ardatz bilakatzea, eta Euroeskualdeko gazteen arteko elkarrekintza bultzatzea.

Ezagutza, berrikuntza eta enpresa lehiakortasunaren inguruko ardatzari dagokionez, honako hauek dira helburuak: «Euroeskualdeko campus» bat sustatzea unibertsitateek, LH eskolek eta bestelako berrikuntza eragileek osatuta; Espezializazio Adimenduneko Estrategiek (S3) barne hartutako sektore guztietan agertzen diren I+G+g arloko proiektuak bideratzea, enpresen arteko lankidetza sustatzea, bereziki klusterren artean, eta Euroeskualdeko enplegu arro bat sortzea.

Hirugarren ardatzak, Lurralde Iraunkorra eta Garraioari dagokionak, honako lehentasunak izango ditu: bidaiarien zein merkantzien mugikortasun iraunkorra lortzea, Euroeskualdea ingurumeneko erreferentzia gune bilakatzea, eta baliabide natural eta turismo arloko politika koordinatuak garatzea.