INFO

«E egunak» kalean harrapa zaitzala

Ez daude diren denak, baina dauden guztiek erakusten dute ikasturte ikusgarria izan dela mobilizazioen ikuspegitik: Kataluniarekiko elkartasuna, presoen alde Parisen eta Bilbon izandakoak, martxoaren 8 ikusgarria eta ‘Manada’-ren auziari emandako erantzuna, ekaineko giza katea eta Altsasuko gazteekiko elkartasun olatua.


Artistek esan ohi dute inspirazioa ez datorrela berez; baina, badaezpada ere, etortzekotan, lanean harrapa zaitzala. Mundua aldatu nahi duenari dena hankaz gora jarriko duen E egunarekin antzera gerta dakioke, ez da komeni izaten haren zain egotea, baina etorriko balitz, abian izanda hobe. Badirudi, gurean behintzat, egun totemiko hori iristekotan, kalean harrapatuko duela herri hau. Presoen auziak, erabakitzeko eskubideak, pentsioek, feminismoak eta Altsasuko gazteen kasuak mobilizazio ikusgarriak utzi dituzte amaitu berri den ikasturtean.

«Amb Catalunya»

Kataluniako prozesuaren bururatzeak marraztu zuen ikasturte hasiera, hilabete eta erdian hiru alditan bete ziren Bilboko kaleak Kataluniarekiko elkartasunez; 32.000, 31.000 eta 44.000 herritar batuz, hurrenez hurren. Beste hainbat mobilizazio jendetsu ere izan ziren, bereziki urriaren 1eko erreferendumaren eta ondorengo errepresioaren bueltan.

«Orain presoak»

Aurrez ikusi gabeko mobilizazio batek iragarri zituen presoen auzian gutxira iritsiko ziren urratsak. 10.000 euskal herritar joan ziren Parisera abenduan, presoen eskubideen defentsan. Handik gutxira, Bilboko hitzordua, beste behin ere jendetsua; 95.000 lagun eta, “Prest gaude!” leloarekin, Parisek abiatutako bidean Madrilek ere engaiatu behar zuelako aldarria. Ikasturte amaieran, ETA deseginda eta Mariano Rajoy etxera bidali ostean, etorri da Espainiaren jarrera aldaketa. Urriaren 20rako beste mobilizazio jendetsu bat espero da, Orain Presoak dinamikaren barruan.

Pentsio duinak

Harrigarria, eta aurrekaririk gabea, pentsio duinen aldeko mobilizazio dinamika ikusgarria izan da. Astelehenero udaletxe aurreetan aldarrikatu dituzte pentsio duinak eta salatu Gobernu espainolaren 0,25eko igoera makurra. Puntu gorenak izan ditu mobilizazioak, martxoaren 17ko belaunaldi ezberdinen arteko batera-jotzea, adibidez. 115.000 batu ziren Bilbon, Udaltzaingoaren arabera, eta jendetsuak izan ziren gainerako hiriburuetako mobilizazioak ere (20.000 Donostian eta Iruñean eta 13.500 Gasteizen).

Feminismoa

Martxoaren 8ak mugarria jarri du aurten berdintasunaren bidean, 200.000tik gora irten ziren kalera mugimendu feministaren deiari erantzunez. «Manada»-ren auzian berretsi da hauspo indarberritu honen sendotasuna, berak gidatu baitu kalean Nafarroako Auzitegiaren ebazpenak lehenbizi eta baldintzapeko askatasunak gero sortu duten haserrea. Azpimarragarria izan da kasu honetan, gainera, aurrez deitu gabe, berehalako erantzunak izan duen babes zabala.

Gure Esku Dago

Erabakitzeko eskubideari jarritako erronkarik handiena indarrez bete zuen ekainaren 10ean Gure Esku Dagok. 200 km inguru Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotzeko. Urtean zehar protagonismoa izan zuten aldarriek leku berezia izan zuten erabakitzeko arrazoien artean eta 175.000 herritarrek eman zioten eskua elkarri, giza katean.

«Altsasukoak aske»

Altsasuko gazteen aurkako epaiketaren bezperan 50.000 bat herritarrek Iruñea hartu zuten justizia eske. Hasi zen epaiketa, etorri zen ebazpena zigor gogorrak tartean, eta ekainaren 16an ziur aski Nafarroako hiriburuan inoiz izan den manifestaziorik jendetsuena izan zen. Antolatzaileen arabera 80.000 herritarrek egin zuten bat «Altsasukoak aske» aldarriarekin.