INFO

Ekonomia Armadaren mendean dago Al-Sisi presidentea buru duen Egipton

Errepideak, makarroiak, telebistak eta futbol zelaiak: Abdel Fatah Al-Sisiren Egipto erabat militarizatuta dago eta ia edozein gauza Armadak abian jarritako lantegi batetik ateratakoa da. Uniformedunek ekonomia mendean hartu dute, 2013ko uztailaren 3ko estatu kolpeaz geroztik. Joera indartzen ari da, gainera.


Gamal Abdel Naser jeneralaren garaian hasi zen militarren mendean dauden enpresen muturreko garapena, Israelen aurkako gerra giroa nagusi zenean.

Sei hamarkada geroago, fenomenoa loratu egin da eta azken bost urteotan, dibertsifikatu. Proiektu horietako askok ez dute zerikusirik militarren zereginekin eta gaur egun bizitzako edozein arlotara iristen dira: urbanizazioen eraikuntzatik hasita, ezkontzen antolakuntzarekin segituz, landetxeen, gasolindegien, hotelen eta eskolen kudeaketaraino.

«Egiptok krisi ekonomikoa jasan du. Ez dago denbora galtzerik. Armadak lan egin behar du ekonomia altxatzeko», esan dio Efe-ri Nasr Mohamed Nasr Salem Gobernuaren bedeinkazioa duen aditu militarrak.

Militarrek Egiptoko ekonomian duten pisua neurtzea zaila da. Eta arriskutsua. Al-Sisik berak, 2016an eskaini zuen hitzaldi batean, esan zuen BPGaren (barne produktu gordinaren) %1,5 eta %2ren artean kokatzen zela militarren esku-hartzea, baina berehala onartu zuen berak nahi lukeena ekonomiaren %50era iristea dela.

Nabarmentzeko modukoa da Beni Suefen Indar Armatuek eraiki duten zementu-fabrika. 1.120 milioi dolar ordainduta, urtean 13 milioi tona ekoitziko ditu, Egiptok behar duen kopurua baino gehiago. Helburuetako bat Kairoren ekialdean egungo agintariak eraikitzen ari diren hiriburu berria egitea da, proiektu faraonikoa. Merkeago aterako zaie, merkatuan horrenbeste porlan baldin badago.