Kirmen Uribe, galderak josiz erantzun duen egilea
Erantzun borobilak eman beharrean, zalantzak, galderak eta kezkak josiz Euskal Herriko historiaren eta euskal gizartearen erradiografia puntualak egiten asmatu duen idazlea da Kirmen Uribe, Hasier Arraiz politikari eta filologoaren hitzetan. EHUren Udako Ikastaroetan idazle ondarroarraren eleberrigintzaz eta narratiba berriak sortu beharraz aritu zen.
«Fakultatean ezagutu nuen Kirmen, duela 25 urte baino gehiago, artean gazteak ginela. Bera gazte idealista zen, baina ez ginen gutxi garai hartan idealistak ginenak, are gutxiago Filologia fakultatean. Bat gehiago zela pentsatu nuen orduan, baina jakin nuenean euskal idazle izatea ofiziotzat hartzea erabaki zuela konturatu nintzen benetako idealista zela». Hitz horiekin abiatu zuen Hasier Arraiz politikari eta filologoak EHUren Udako Ikastaroen barnean Kirmen Uriberen literaturgintzari eskaintzen ari zaion ikastarorako prestatu zuen mintzaldia. “Kirmen Uriberen literatura eta euskal gizartea” izenpean, Ondarroako poeta eta idazlearen eleberrietan euskal jendarteaz eta historia hurbilaz egiten diren gogoeten azterketa egin zuen Arraizek, batez ere “Elkarrekin esnatzeko ordua” (Susa, 2016), Uriberen azken eleberria, erreferentziatzat hartuta. Bertan, Letamendi-Urresti senar-emazteen benetako historia oinarri hartuta Euskal Herriko XX. mendeko lehen erdialdeko gertakarien kronika fikzionatua osatu zuen ondarroarrak.
«Nik literaturarako zaletasuna galdu ez dudan bezala, Uribek ez du politikarako zaletasunik galdu», nabarmendu zuen bere mintzaldian Arraizek, eta horren adierazletzat jo zuen ondarroarraren emaria: «Ez dio sekula euskal gizarteari gertatu zaiona begiratzeari utzi eta galderen bidez hausnartu du horretaz, edo, gutxienez, erantzun borobilik eman gabe», zehaztu zuen filologo gasteiztarrak.
Hala, “Bilbao-New York-Bilbao” (Elkar, 2008) bere lehen eleberrian denboran egiten dituen jauziak eta elipsien erabilera «errealitatea soilik zatika atzeman daitekeela» nabarmentzeko erabiltzen dituela aipatu zuen, eta “Mussche” (Susa, 2012) bigarren eleberrian, aldiz, narrazio forma linealagoa erabilita historia hartzen duela hizpide. «Uribek berreskuratu egiten du historia eta begien aurrean jartzen digu», zehaztu zuen. Obra hartan, 36ko Gerratik ihesi Belgikan erbesteratu zen neskato bilbotarraren kontakizuna eta nazien aurkako erresistentzian aritu zen Robert Musscheren bizipenak fikzionatzen ditu.
Arraizek, baina, Uribek argitaratu duen hirugarren –eta momentuz azken– eleberrian oinarritu zuen bere mintzaldia: “Elkarrekin esnatzeko ordua”. Bere hitzetan, Uribek XX. mendeko bigarren erdialdeko historia «euskal ikuspegi batetik» kontatu zuen eleberri horretan eta gertaera bakoitzaren zergatiak aztertzen ahalegindu zen.
Arraizek gogora ekarri zuen “El Pais” egunkarian Jose-Carlos Mainer-ek eleberriari egindako kritikan «euskal nazionalismoa zuritzeko joera» egotzi ziola Uriberi. Kontrara, «ez dago liburu osoan gertatutako ezein gertaera justifikatzeko asmorik», ziurtatu zuen Arraizek, eta eleberriak «galdera ezerosoak, geure buruari egin ez genizkion galderak» plazaratzen dituela gaineratu zuen. Uriberen eleberrigintzan, gertatutakoa kontatzea baino horren aurrean sortu zaizkion galdera eta zalantzak agertu eta irakurlearekin harreman horizontala bilatu nahi dela iritzi zion Arraizek eta, hala, «galdera guztiak ezinbestekoak dira gertatutakoa ulertu nahi badugu», jarri zuen azpimarra.
Beste kritika bati, Iban Zaldua idazleak egindakoari, ere heldu zion Arraizek. «Eleberriari ‘jeltzaletasuna zeriola’ esan zuen... Herri honetan oso sustraitua dugu politikan nirekin ez dagoena nire kontra dagoela, eta jendea sailkatzera jotzen dugu», aipatu zuen, eta, bera ezker abertzalean lerrokatu den politikaria izanda ere, eleberrian Jose Antonio Agirre lehendakariaren eta haren laguntzaile Manuel de la Sotaren ekarpenaz egiten den irakurketa berak ere partekatzen duela esan zuen.
Iragana orainean
«Gero eta arrotzago eta mingarriago zaigun mundu honetan noren alde eta noren kontra gauden zehaztu behar dugu, gure burua kokatu behar dugu. Banketxeek sortutako krisia munduko langileak txirotuz konpondu da, Europan ultraeskuinak anekdota izateari utzi dio, AEBetan Trump, Errusian Putin... ditugu eta barre egiten diegu, bufoiak izango balira bezala, baina bada hor etor daitekeenaren beldurra. Ziurrenik, Hitlerri ere barre egingo zioten», hausnartu zuen.
Arrazoibidearekin jarraituz, Europako ezkerra “faxismo” hitza erabiltzearen gaineko eztabaida sutsuan dagoela eta «eufemismo egokia bilatzen ari garen artean denbora aurrera» doala nabarmendu zuen eta, hain zuzen, “Elkarrekin esnatzeko ordua” idazteko «motorra faxismoaren inguruko kezka hori, egungo mehatxuaren gaineko kezka» izan dela iritzi zion, Uriberen eleberriak «iraganean bilatzen baitu, egungo egoeraz eta egun dauden mehatxuez hitz egiteko».
«Uriberen eleberri honek adi egoteko esan nahi digu, adi faxismoa ez datorrelako Alemaniatik edo Italiatik, gure baitan dagoen piztia da. Piztiari iskin egiterik ez badago, aurre egin behar diogu, kulturatik eta baita literaturatik ere», ohartarazi zuen filologo gasteiztarrak, eta Uriberen mezua xenofobiaren, populismo ultraeskuindarraren edota matxismoaren aurrean «esku hartzeko ordua dela» dela nabarmendu zuen.
Bide horretatik, eta ETAren desagertzearekin lotuta, identitateaz mintzatu zen Arraiz. «Indarkeria zikloa itxi eta gero ispiluari begiratzen diogu eta ez dugu gure aurpegi arrunt hori ezagutzen, eta elkarri begiratzeko modua ere aldatu behar dugu», esan zuen, identitatea iraganean baino orainaldian eta batez ere etorkizunean bilatu behar dugula ondorioztatzeko: «Ez da izan ginena, baizik eta garena eta batez ere izan nahi duguna». “Elkarrekin esnatzeko ordua”-n, Uribek «gure tragedia garaikideari» begiratzen diola eta tragedia hori 1936an hasi zela ere nabarmendu zuen Arraizek. «Franco hil ondorenean euskal gizarte zabala nola agertu zen azaldu zigun Uribek. Euskal Herriko indarkeria ez zela ETArekin hasi ere esaten digu, oinazea eta sufrimendua lehenago hasi ziren. Zorigaitz, sufrimendu eta oinazea ez dira amaitu ETA amaitu denean eta horregatik sufrimendu horiek ere kontatu behar dira», esan zuen, sufrimenduak alde orotan izan direla onartzeaz batera.
Narratiba berrien garaia
Hala, narratiba berrien garaia dela babestu zuen gasteiztarrak, epikak alboratu eta bestelako literaturgintza bati eusteko garaia. Hau da, literaturak jendarteari eskutik helduta joan behar duela. «Gizarte honek erabaki du bakea eraiki nahi duela, elkarlanean. Alde batean zein bestean egon bidegabekeriak onartu ditugu, ez dugu sekula hori ahaztu behar, gure kontzientzian eramango dugun zama astuna baita», baina orain «gure artean zubiak eraikitzen hasteko unea» dela gaineratu zuen, eta «nago Uribe bide hori proposatzen ari zaigula, nago oraindik istorio asko kontatu behar dizkiogula elkarri eta nago idazle asko jada hasiak direla lan luze eta zail horretan».