INFO

Herrian izandako eraso matxista salatu du Otxandioko Udalak

Larunbat gau honetan Otxandioko gizon batek bere bikoteari eraso egin zion kale erdian, Udalak prentsa ohar baten bidez adierazi duenez. Aipatu erasoa salatu eta era honetako jarrerek herrian lekurik ez dutela gaineratu du.


Otxandioko Udalak larunbat gau honetan herrian izandako eraso matxista «irmoki» salatu du. Prentsa ohar baten bidez azaldu duenez, gizon batek bere bikoteari eraso egin zion kale erdian.

«Era honetako jarrerek zein beraien erantzule diren gizonek ez Otxandion eta ez beste inon ez daukate lekurik», dio Udalaren oharrak.

Zentzu horretan, elkartasun eta babes osoa adierazi diote erasoa jasan zuen emakumeari, bai eta antzeko egoeran aurkitzen diren emakume guztiei: «Behar duzuenerako Otxandioko Udalaren eta herri osoaren laguntza guztia jasoko duzue. Gaur eta beti zuen alboan egongo gara».

Era berean, azaldu du erasoa ekiditen ahalegindu ziren bi herritarren aurka egin zuela erasotzaileak, hauetako bati zauriak eraginez. Hauei ere bere elkartasuna, aitormena eta esker ona adierazi die Udalak: «Guztiontzako eredu zarete».

«Inoiz baino garrantzitsuagoa da eraso matxisten aurrean beste aldera ez begiratzeko harrera bultzatzea; herritar eta erakunde guztion ardura da», gaineratu du Otxandioko Udalak oharrean.

Gertatu denaren aurrean, ezohiko udal batza deitu dute Otxandion, eta bertan erasoa salatzen duen adierazpen instituzionala onartzea espero da. Astelehen honetan bilduko da udalbatza, 19.30ean.

Mugimendu feministak, bere aldetik, gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea deitu du bihar 20.00etarako plazan. Udalak bat egin du elkarretaratzearekin eta herritar guztiei egin die dei bertan parte hartzeko.