Kreta, turismorako uharte bat baino gehiago
Kreta irla famatua izan dute Greziara joandako brigadistek azken geltoki. Bertatik, turismoaren eraginen inguruan, parke eolikoen aurkako mugimenduez eta historiaren transmisioaren garrantziaz mintzo dira azkena igorri duten kronikan:
Greziako uharterik handiena da Greta, 600.000 biztanle baina gehiago ditu. Harrera beroa jaso dugu hemen ere, eta gezurrik ezin esan: bertako bizilagunen eskutik txoko zoragarriak eta lasaiak ezagutzeko aukera izan dugu. Dena bilerak ez direnez, ezagututako lagunekin zuhaitzen gerizpean solasaldi ederrak izan ditugu. Solasean aritu gara, besteak beste, turistifikazioaz eta AirBnBren espantsioaz, horrek izandako eraginaz, denetariko liburuez, patriarkatuaz eta emakumeen borrokaz, Euskal Herriko egoeraz eta ezkerreko abertzaletasunetaz; orduak konturatu gabe joan zaizkigu. Kronika honetan, ordea, aurrekoetan bezala, hiru borroka hurbildu nahi ditugu Euskal Herrira.
Historiaren bueltako istorioez
1940. urtean Naziek Kreta okupatu zuten. Gaur egun, 78 urte beranduago, Historiako unibetsitateko irakasle batzuk gertaera haren bertsio berri bat zabaltzen ari dira. Haien aburuz, okupazioa ez zen hain okupazio izan eta balore nobleak ekarri zituzten uhartera. Egoera horren aurrean, okupazio garaia ezagutu zutenekin elkartu ziren hainbat irakasle, tartean Nikos Glinias. Irakasle horrek salaketa jarri zien historialari errebisionistei. Gisa horretako gatazkarik ez zen ezagutzen epaitegietan.
Gliniasekin kafe baten bueltan hizketan luze aritzeko aukera izan genuen Rethimno herriko parke batean. Giliasek azaldu zigun, Nazi garaian bezala Alemaniak Grezia okupatuta duela gaur egun ere, nahiz eta beste modu batera izan. Gazteei memoria ezabatu zaiela salatu zuen Gliniasek. Gainera, Greziak horretan jarraitzen duela azpimarratu zuen, adibide bat emanez: ikasle batzuk udaletxera joan ziren II. Mundu Gerraren inguruko gertakizun historiko batzuen berri eskatzera; agintariek, ordea, ukatu egin ziren.
Greziako lagunek azaldu ziguten hainbat gertaera eskola liburuetan ez direla jasotzen, eta pasarte askoren arrazoiak ez dituztela bere osotasunean azaltzen, ezta ondorioak eta deskribapenak ere. Kontakizun osoa izateko, ezinbestekoa da, beraz, eskolaz kanpoko liburuak irakurtzea. Gaur egun duten kezketako bat da belaunaldien arteko historiaren transmisioarena. Izan ere, gaur egun “historia zuzena” entzun duten pertsonek beren aiton-amonengatik jaso dute kontakizunaren zati bat. Baina aurreikusten dute hurrengo belaunaldietako gazteek ez dutela informazioa hori izango, gauzak aldatu ezean, behintzat.
Parke eolikoen aurkako mugimendua
1970eko petrolioaren krisiarekin agertu ziren lehen parke eolikoak, nahiko diskretu hasieran, eta orduan inork ez zion jaramon handirik egin. Globalizazio estrategia erraldoiak ordea aurrera jarraitu zuen eta Grezian memorandumaren aginduz energiaren pribatizazio prozesuak martxa hartu zuen eta tartean parke eolikoak biderkatzen joan dira.
2007 eta 2008 urteetan kokatzen dira lehen erresistentzia borrokak. Apopigaldi herrian, Xaná, Kretako hiri handienaren alboan dagoena, bertako bizilagunei galdetu edo sikiera informatu gabe parke bat eraikitzen hasi nahi izan zuten. Lehen erreakzio gisa herritarrek makinak gelditu zituzten eta asko atxilotuak izan ziren. Horrek ez zituen gelditu ordea, eta informazio handik eta hemendik lortu, bizilagunak informatu eta parkearen eraikuntzaren aurka egiteko antolatu ziren. 2012an asanblada erraldoi bat antolatu zuten, Kreta mailakoa. Bertan ikusi zuten beharrezkoa zela hiri nagusi bakoitzean proiektu hauen berri izatea eta mugimendu bat osatzea. Hala hitzaldiak antolatu zituzten, eta jendearen harrera beroa jaso, izan ere, eolikoen aurkako postura oso zabala zela ohartu ziren.
Gaur egun Rethimnoko asanblada da garrantzitsuena. Besteren artean eskualdean bertan aurkitzen den Alica Basileos herrian egin nahi izan duten parkearen aurkako borroka azpimarra genezake. Izan ere, herri guztiaren babesa jaso zuen aldarriak, guztiak posizionatu ziren horrek berak suposatzen duen garaipenarekin. Proiektuak aurrera jarraitzen zuela ikusita, ekintza zuzenera jo zuten, ohiko eskuorri, pankarta eta pegatinez gain, haizea neurtzeko erabiltzen zituzten antenak kentzeari ekin zioten. Horrekin nahiko ez eta mendira makinak igotzeko bideak eraikitzekoak zirenean, bidea okupatu eta ez zieten pasatzen utzi. Inguruko herriak ere antolatuta, komunikazio sareak eraiki zituzten makinak zetozenean denak abisatu eta mendira igotzeko. Hala hiru bider gelditu zuten inguruko bazterren suntsipena.
Gaur egun Grezian Eolikoen aurkako borroka bizirik da, baina ez da borroka ekologista bakarra. Aurreko bideo kronikan Thessalonikan ezagututako Halkidikin egiten ari diren minen inguruko borroka azaldu genizuen, eta bada beste bat Hipipios herrian eraiki nahi duten Frackinaren aurkako. Hiru borroka hauetako kideak elkar harremanetan daude, egoeraren berri jakin eta elkar laguntzen dute. Honek ezinbestean energia alternatiben inguruko eztabaidara eramango dituela aurreikusten dute, ezinbestekoa beraien aburuz eta gustu handiz helduko duten erronka.
NATO base militarra
Kretakoa, Europa hegoaldean eta mediterraneo itsasoan Ameriketako Estatu Batuetako armadaren portabioi handientzako ur sakoneko portu bakarra da. Munduan beste bi bakarrik ditu AEBek: Dubai eta Ameriketan bertan.
Oharra: Kretako azken orduak Heraklionen eman ditugu, bertako kideen eskutik herria ezagutzeaz gain brigadako laugarreneta eta azken hitzaldia eman dugu. Orain artekoen antzera ederra eta mamitsua. Plazer bat izan da zuekin Euskal Herriko borroka konpartitzea eta elkartasun sareak josten jarraitzea. Mila esker Greziako lagun guztiei. Hurrengorarte!