Ongi etorri baserrira
«Ongi etorri baserrira!» ez da esaldi soila Errezilgo Basabe Barrena baserrian. Ez horixe. Txorizo pintxoak eta sagardoa dauzkate zain bisitariek etxeko atarian, itzal ederrean. Hogei bat lagun, adin guztietakoak gerturatu dira Basabe Barrenera, baserriko bizimodua gertuagotik ezagutzera, eta etxean bizi diren hiru belaunaldiak izan dituzte gidari.
Begibistakoa da gero eta eten handiagoa dagoela baserriko bizimoduaren eta kalekoaren artean. Ez bakarrik Euskal Herriko hiri ertain eta handietako biztanleek, baserrietatik oso gertu bizi diren herrietakoek ere oso gutxi dakite nekazarien errealitateaz, nola eta ez diren baserritik kalera jaitsitako familietako kide edo ondorengo. Egoera honen jakitun, ENBA sindikatuak «Ongi etorri baserrira!» ekimena jarri zuen abian duela bost urte, eta gero eta baserritar gehiago animatzen dira parte hartzera.
Labaka familia aspaldidanik bizi da Errezilgo Basabe Barrena baserrian. Ez da erraza honaino iristea aurrez bidea ezagutzen ez duenarentzat. Herriko kaskotik abiatu eta pista baten barrena joan behar da, Ezama auzoko sakonera, baserri, belardi eta baso artean. Zapelatz bat izan dugu gainean bide osoan, bisitari arrotza nor ote den zelatan.
Uztailaren 6an eta 7an, Gipuzkoako eta Bizkaiko hogeita hamar baserri eta ustiategi bertatik bertara ezagutzeko aukera izan da, aurrez izena emanda, erabat doan. 500 lagunetik gora izan dira bisitari, eta baserri mordo batean kupoa osatu egin da. Ekimenean parte hartu duten baserri gehienak Gipuzkoakoak dira, eta bisitariak hiri eta herri handietatik etorritakoak izan dira neurri handi batean. ENBAko Xabier Iraolaren arabera, ekimena «gure jakien jatorria berraurkitzeko eta mahaian dastatzen ditugun elikagaiak ekoizten dituzten baserritarrak ezagutzeko aukera ezin hobea da, haien ingurune naturalean». Helburua, «bertako elikagaien aldeko apustu garbia egitea, landaguneari balorea ematea, barnealdeko zonaldeetako turismoa sustatzea eta nola ez, gure herri gastronomia goratzea».
Izan ere, denetariko aukera izan da ekimen horren baitan. Esaterako, Elgoibarko Mausitxan ardi gazta izan da protagonista, Errenteriako Usaskuen marrubiak, Berrizko Aiarbin esne behiak, Beizamako Urki-Zaharren mahastiak, Donostiako Pokopandegin jogurtak… eskaintza zabala, bistan denez. Esan bezala, Errezilgo Basabe Barrenan sagastiak eta baserriko ogia izan dira. Hamarretakoa bukatuta, lehendabiziko eginkizuna ogia egitea izan da. Aurrez prestatuta zeukaten masa eta hura mozten eta apaintzen aritu dira bisitariak. Etxekoek azaldu dieten moduan, legamia behar du irin masak, altxatzeko. Prozesu hori gertatu bitartean, ogi labea egurrez bete eta berotzen joan da, eta tenperatura 200 gradura iritsi denean barrura sartu ditu etxekoandreak opilak. Baina hori ez da izan labearen lehenengo lana, 300 gradutan zegoenean etxeko oilasko pare eder sartuak baitzituzten, geroago haiekin bazkaria prantatzeko.
Ogia egosten ari den bitartean, Joxe Antonio Labaka etxekojaun gazteak sagastietara eraman du taldea. Han azaldu die zer sagar mota hazten den Basabeko sailetan, eta nola aurtengo hau oso urte eskasa izaten ari den. Hala da, arbola batzuek ale dezente daukaten bitartean, beste batzuek bat ere ez daukate eta. Urte onetan, iaz esate baterako, milaka kiloko uzta izaten dute, eta sagardotarako sagar guztia Hernaniko sagardotegi ezagun bati saltzen diote. Joxe Antonioren aitak ere azalpenak eman ditu, eta hala jakin dugu nola ibiltzen zen gaztetan 13 metroko eskailerara igota, arbola puntako sagarrak hartzeko: «Sagarrik onena beti goiko aldekoa izaten da, eguzki gehiena ere berak hartzen du eta» esan digu. Arrisku handia da, ordea, toki aldapatsu hauetan holako zereginetan ibiltzea, eta istripu larriak gertatu izan dira, Errezilen bertan ere bai.
Bisitarietako batzuk inguruko herrietakoak dira, beste batzuk Donostiakoak, eta bizkaitar bat ere badago, Arrigorriagako Begoña Pinedo. Duela hogei urte ailegatu zen lehenengoz Errezilera, euskaltegiko lagunekin, eta ordudanik maiteminduta dago herri honekin. Bere euskara maila asko hobetu da ordudanik –dagoeneko majo hitz egiten du, nahiz eta Joxe Antoniok, adarrean, errezildarrez ikastea falta zaiola esaten dion– baina gauza bat ez da aldatu: «Oraindik ere txunditu egiten naute hemengo belardiek eta basoek, hemengo bakeak. Honek ez dauka zerikusirik kaleko bizimoduarekin eta estresarekin» diosku.
Sagardogintza
Sagardoa ezagutzen duten arren, bisitarietako batzuek ezer ez dakite sagardogintzaz, baina Joxe Antoniok beteko du hutsune hori. Sagarra nola biltzen den, nola garbitzen eta nola tolarean sartzen duten azaldu die, baita hortik sortutako zukua sagardo nola bihurtzen den ere, upeletan fermentatzen, irakiten, edukita. «Guk 1.500 litro inguru egiten ditugu etxerako, bi mila botila, familiarekin eta lagunekin edateko» esan digu. Sagardo horixe izango da mahaian eguerdian, bazkal orduan.
Ardiak ere badituzte Basaben, etxeko nagusiaren esanetan «aldapa zakar hauek garbi edukitzeko», baina horretaz gain esne aparta emango dutela ere ez dago zalantzarik. Semeak ondo bete die jantokia artoz, eta aleak irentsitakoan lasterka batean irten dira belardira. Aurten euri asko egin duela eta Joxe Antonio kexu da, baratzean lanik egiterik ez dutelako izan, baina ardiek pozik dirudite, zelaiak belar freskoz bete-beteta baitaude.
Eguraldiaren eragina
Eguraldiak hainbesterako eragina al daukan galdetu du bisitari batek: «Ez al da ona baratzearentzat euria egitea?» Baietz, baina neurrian eta bere garaian, bestela lurra lokatza bihurtzen delako eta botatako haziak eta landatutako landareak usteldu ere egin daitezkeelako. Sagar guztiek balio al duten sagardoa egiteko, hori ere galdetu du batek. Mota bakoitzaren ezaugarriak azaldu dizkio etxeko nagusiak, zeintzuk diren mahairako egokiagoak eta zeintzuk sagardotarako. Sagar arbolek bi urtez behin ematen dutela fruitua ere esan die, inork gutxik zekien kontua. Hala, bisitan zehar makina bat gauza interesgarri ikasten joan da bisitari taldea.
Baserrira itzulitakoan, ogia dagoeneko eginda dago labean, eta pala luze batez lagunduta atera dute mahaira. Garai batean, begiratzearekin nahikoa zuten Basaben labea ogia egosteko prest noiz zegoen jakiteko, baina gaur egun termometro bat erabiltzen dute, eta hala dakite zehatz-mehatz tenperatura egokira noiz ailegatu den.
Gaur egun zer jaten dugun, hori izan da beste hizketagai bat. Baserritar eta nekazari asko kexu dira, kontsumitzaileok elikagai industrialetara ohitu garela eta benetako zaporeak baztertu egiten ditugula; benetako esnea edo benetako oilaskoa zer den ia ez dakigula, eta are gehiago, benetakoaren zaporea eta testura gogorregiak gertatzen zaizkigula ahoan. Bada gaur Basabera gerturatu direnek irakasgai ederra izan dute gai hauetan, bazkaltzera geratu direnek etxeko ogia, etxeko oilaskoa eta etxeko sagardoa dastatu baitituzte… eta denek onartu behar izan dute horrelakorik ez dutela topatzen hipermerkatuan.
Bisita bukatzeko, etorritako bakoitzari etxeko produktuz hornitutako Itsaslur poltsa bat oparitu dio Labaka familiak, baita saski handiago baten zozketarako zenbakiak banatu ere, txapel batean. «Hauxe egun borobila!» atera zaio irabazleari. Baina gaur goizeko opari bakarra ez dira jakiak izan: Labakatarren euskara naturala entzutea belarrietarako gozamena da, eta ikastaro trinkoa jaso dugu bertaratu garen denok ere, eta dohainik gainera.
Joxe Antoniok esan digunez, bera harrituta dago kaletarrok baserriaz zer gutxi dakigun ikusita: «Nik uste nuen inguruko herrietakoek behintzat ikuspegi zuzenagoa izango zutela, baina ez pentsa: jende askorentzat baserria erabat arrotza da. Uste dute hemen dena dela aire librean ibiltzea, naturaz gozatzea, patxada… eta ez da beti horrela. Orain bai, gaur bezalako egunetan, baina negua ere iritsiko da, eta orduan bizi egin behar da hemen, eh!, eguna joan eta eguna etorri». Bada justu ezjakintasun hori gainditzen laguntzeko dira «Ongi etorri baserrira!» bezalako ekimenak, eta lagunduko ahal dute Euskal Herriaren ondare handi hau biziarazten.