Kasilda parkean egongo da aurten ere Txikigunea Bilboko jaietan
Abuztuaren 19tik 26ra, hau da, igandetik igandera egongo da irekita lau gune izango dituen Txikigunea Aste Nagusian zehar. Abuztuaren 24an, ostirala, jaietako egun handian festa berezia antolatuko dute umeentzako gunean.
Txikigunea «Balioen Uri Txiki» bihurtu nahi du Udalak eta 0 eta 12 urte bitartekoek, jaietan ondo pasatzeko programa bat prestatu duela nabarmendu dute.
«Txikiguneko izarrak pizten: atera barruan duzun hori» izango da leloa. Umeentzat antolatutako parkearen gunea Aste Nagusian lekurik arrakastatsuenen artean dago. Iaz, 150.000 ume baino gehiagok parte hartu zuten Casilda Iturrizar parkeko eta Pergolako instalazioetako jardueretan.
Txikiguneak 4 alde izango ditu eta horietan 24 jardueratik gora; hala nola, puzgarriak, ludoteka, arrantza, boladun igerilekua, rokodromoa, magia, makillaje, birzikatze eta irrati-tailerrak, jolasten ikasteko.
Esperientzia ludiko pedagogiko honen bidez txikienek gizarteak izan behar dituen balioez hausnarketa egingo dute eta haurtzarotik ikasi beharreko balioak indartzea du helburua.
Elkartasuna, alaitasuna, aniztasuna, adiskidetasuna eta jasangarritasuna dira, besteak beste, umeek eta helduek landuko dituzten balioak, jolasen eta konstelazio eta izarren sinbologiaren bidez.
Igandetik igandera
Txikigunea Aste Nagusiko lehenengo igandean inauguratuko dute, hau da, abuztuaren 19an eta hilaren 26ra arte egongo da zabalik, 11.00etatik 14.30era, goizez, eta 16.30etik 20.00etara, arratsaldez.
Lau gune izango dira. Umeek konstelazioekin zerikusia duten jarduera asko izango dituzte «Maitezitu» espazioan. «Pozaktibatu» gunean, ordea, alaitasuna aktibatuko dute; eta “«Bilziklatu» espazioan jasangarritasuna eta birziklatzea izango dira landuko dituzten gaiak. Azkenik, «Elkaraniztu» espazioan elkartasuna eta aniztasuna landuko dituzte. Makillaje-postu ibiltaria ere egongo da gune horietan.
Aurten, Merkabilbaorekin elkarlanean, asteartean, abuztuak 21, eta ostegunean, hilak 23, antolatutako sormenezko sukaldaritza osasungarriaren tailerra izango da.
Alonso txoferrak ere Bilbobusen geraleku berezia izango du Txikigunean. Abuztuaren 19tik (domeka) 25era (zapatua) Bilbobusen autobus apaindu bat izango da egunero hiru antzezlanen agertokia.
Aste Nagusiaren 40. urteurrena dela-eta, Txikigunean barikuan, abuztuak 24, arratsaldeko 18.00etan urtebetetze-jaia izango da. Diskoteka bat egongo da dantzan egiteko eta txokolatea dastatzeko.