INFO

Erraustegira eta makro kartzelara martxa antolatu du Gipuzkoa Zutik taldeak

Irailaren 23an izango da martxa eta proiektu handi hauen aurkako kontrakotasuna erakutsi nahi dute bertan.


Gipuzkoa Zutik taldeak, irailaren 23an, igandean, erraustegia eta makro-kartzela egin nahi dituzten lekura martxa antolatu du.

Gipuzkoako Aldundia «arazo handi bat» sortzen ari dela iritzi dio Gipuzkoa Zutik taldeak. «Alferrikako azpiegitura hauekin 30 kilometroko erradioan bizi garen ehunka milaka lagun arrisku larrian jarriko gaitu. Nola onartu halakorik?», galdetzen du komunibideetara bidalitako oharrean. Azken astean, Buenos Airesen, Mexiko Hirian eta Sidneyn hiru erraustegi proiektu bertan behera utzi dituztela aipatu eta erraustegiak atzean utzi beharreko proiektuak direla nabarmendu du. 

«Erraustegi hau ez du inork nahi, soilik denon dirua den diru publikotik milioika euroko kontratua jaso nahi duten horiek», salatu dute. Erraustegia gaur egungo politika neoliberalaren «sinbolo» dela defendatuta, ondoan eraiki nahi duten makro kartzela ere izan dute hizpide. «Nola onartu presoak gas kamera horretan sartzea urtetarako? Baina zer arraio da hau?», galdetzen dute oharrean.

Arratsaldeko 16.00tan aterako den martxarekin erraustegia eta makro kartzelaren aurka «jende asko dagoela» jarri nahi dute agerian. Zubietara herrietatik zutabeetan etortzeko deia ere egin dute.

Era berean, data horietan Zubietan Lurralde Askea mugimenduak deitutako Iraultza Txikien Akanpadarekin bat egiten du Gipuzkoa Zutik taldeak.