INFO

Feminismoa Txiapasen, burujabetza lortzeko borroka

Askapenaren Mexikoko brigada feministak helarazi du bertan bizitakoaren lehen laburpen kronika. «Ahorita» erritmora ohitzen hasita, euren «mendebaldeko feminismo ikuspegia guztiz irauliko duen» bizipena izaten ari direla diote. Txiapasen daude eta diote bertan «feminismoa, burujabetza lortzeko borroka» dela.

Askapenaren brigada feminista Txiapasen.

Uztailaren ondarrean elkarbanatu zuten brigadaren berri emateko darabilten Twitter kontuan lehen familia argazkia:

San Cristobal de las Casas (Txiapas) hirira uztailaren 30ean iritsi zen bost emakumek osatutako brigada eta laister konturatu omen ziren «ahorita ahorita» erritmora ohitu beharko zirela. Lehen kolpean lehen hausnarketa: «kontziente gara dagoeneko erronka asko ditugula eta gure mendebaldeko feminismoaren ikuspegia guztiz irauliko duen beste perspektiba bat ezagutuko dugula hemen».

Hitza bera, feminismoa, ez dute «aise erabiltzen» bertan, brigadisten arabera, «borrokan diren emakumeek erabiltzen dute, indigenek zein nekazal-emakumeek feminismo hitza hiriarekin edo mendebaldeko kontuekin lotzen dute» eta «haiekin zerikusi gutxi daukaten aldarrikapenak direla sentitzen du» askok brigadaren arabera.

Hitzaz harago, ordea, ikuspegian gertutasuna nabaritu dute: «emakumeek argi daukate etsaia patriarkatua eta sistema kapitalista eta neoliberala direla. Kontzientzia handia dute lurraren jabegoaren garrantziaz, urarenaz...», horregatik diote brigadistek «haien beharrak zeintzuk diren badakite eta borrokak hori du erdigune, biolentziarekin batera». Mexikoko feminizidioa hizpide, diote «lurrarekin eta lurraldearekin batera biolentzia estruktural, kultural eta zuzenaren aurka irmo» kokatzen direla borrokan.

Mercedes Oliverarekin elkartu dira brigadistak emakume indigena eta borrokalarien inguruan hitz egiteko. Bere hitzak jasoz, brigadistek diote «emakume indigenengan kontzientziatze lana» egiten dela, baina gobernuetatik «karitate neurrien bidez itsutu» egiten dituztela eta «komunitateetara sartzean lana oztopatzen» dietela. Helburu nagusia, hala ere, «patriarkatua suntsitzea dela garbi daukate», brigadaren arabera eta «zailtasunaz kontziente» izanik «pasito a pasito» hurbiltzen ari direla diote.

Diana Itzu Lacandona Oihaneko Seigarren Adierazpenera atxikitako emakumea da. Egoera politikoa izan zuten hizpide berarekin, «guk geuk sinetsi behar dugu beste gobernu mota bat posible dela eta badakigu ez gaudela bakarrik iraultza honetan». Erresistentzian eta bororkan jarraitzeko deia egin zien Itzuk. Pasa den asteburuan Morelian izan ziren 'GIC gobernuaren laguntza sareen topaketak' aipatu zituzten eta Maria de Jesus Patricio, 'Marichuy', zinegotziaz hiz egin die. «Emakumea eta indigena izateagatik izan da hautatua, hauek benetako ordezkaritza izan dezaten». Itzuren hitzetan «bizitza eta burujabetza lortzeko borroka da emakumeona».

Mundu osoko ezkerrean txaloak izan ziren Lopez Obradorren garaipenaren ostean, Itzuren arabera, ordea, «egoerak okerrera egingo du». Dio Itzuk «haren gobernuaren idazkaritza gehiena ultraeskuindarra» dela eta «ezkerreko hautagai bat hartu izana estrategia politiko baten baitan» ikusten duela. Diana Itzuk uste du «autonomiaren aldeko antolakundeek pairatuko dutela jazarpenik handiena». Krisi ekonomiko handia aurreikusten du Itzuk eta «honi aurre egiteko era bakarra autonomien bidez da», bere esanetan.

(+ Lopez Obrador eta AMLOren inguruan NAIZen argitaratutakoak)

Itzuren azken hitzak brigadistek Gobernu Onaren Batzordearekin izango duten hitzorduari begira dira. Esaten dutenari baino egiten dutenari begiratzeko gomendia eman die, «forman eta ez edukian» adi egoteko.

Lehen egunetako esperientziaren ostean honakoa da brigadisten hausnarketa: «asko daukagu ikasteko, edo hobeto esanda 'desikasteko'. Horren barneratuak ditugun mendebaldeko moldeak eta, bide batez, Txiapaseko feminismoaren borroka zertan datzan entzuteko beharra dugu. Hemen feminismoa burujabetza lortzeko borroka baita. Burujabetza hori bizitzaren, lurraldetasunaren eta lurren sinonimoa delako. Burujabetza nekazarien, indigenen eta emakumeen abiapuntua eta helburua da».

Kronikaren amaieran hurrengo egunetako hitzorduen aurrerapena jaso dute Mexikoko brigadistek eta euren Twitter kontuan ari dira, dagoeneko, brigadaren hurrengo pausoen berri ematen. Hemen lehen txioak eta laister bertako esperientziaren berri kronika berri batean.