INFO

Abordatzea, hastapenetera buelta 16 urte beranduago

Piratek urteroko abordatzea egin dute kaitik Kontxara, eguraldi mehatxariak bat baino gehiago atzera bota duen arren. Inork ez du esan, baina, gutxiago izatea okerrago denik. Alderantziz. Uretara jauzitakoek ederki gozatu ahal izan dute itsaso harrotuaren gainean.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


«Pena, hain jende gutxi egon behar zela jakin izanez gero, ni sartuko nintzateke, horrela badago disfrutatzea». Antolakuntzako kide baten hitzak dira abordatzea hasi baino ordubete lehenago, Donostiako kaiko arrapala txukuntzen ari dela. Arratsaldeko 16.00etan ohi baino gutxiago ziren prestatutako txalupa inprobisatuak, eguraldi txarrak atzera bota baititu izena emandako batzuk.

17.00etan aldiz, eguzki izpi bat atera eta hamarka lagun izan dira azkenean txaluparekin, flotagailuarekin edo, besterik gabe, igeritan uretara jauzi egin dutenak.

Hori baino lehen, larunbatean egin zuten bezalaxe, Altsasuko Gurasoek bota dute txupinazoa. Bel Pozuetak mikrofonoa hartu eta jada uretan zeudenak hauspotu ditu. Esan du haizearen indarra gainditu eta Kontxara iristeko gogo falta ez dituela sumatu, oztopo guztien gainetik Altsasuko gazteak etxean ikusteko kemenarekin lotuz.

Haizeak ezkerretara bota baditu ere, pixkanaka kaitik ateratzen joan dira pirata guztiak, harrotutako itsaso bati aurre egin Kontxako ondarraren bila. Bertako eta kanpoko bisitari andana izan dituzte zain bertan, abordatzearen lehenengo arrastoak txalotzeko irrikaz.