Bertako eta kanpoko elikagaiak partekatuz bete daiteke sabela
Turistez inguraturik jan dezakezu Kursaaleko Urumea terrazako «food truck»-etan, edo piratekin gozatu Trinitate plazan. Auzolana eta elkartasuna bila ditzakezu Marruma elkartean, edo nekazariei zuzenean erosi Okendon. Aste Nagusian guztia parteka daiteke.
Nork ez ditu festak aprobetxatzen kaleko giroan ahalik eta gehien murgiltzeko? Kanpoan bazkaldu edo afaltzea tradizio bilakatzen da –egongo da bi otorduak kalean egiten dituenik ere– eta gaur-gaurkoz taberna girotik urrun ere bete daitezke sabelak, Euskal Herriko produktu edo munduko zapore ezberdinak dastatuz. Eta Donostiak hori guztia partekatzen du espazio murritz batean.
Dastatzeko orduan, baina, parada berezia dute euskal produktuek. Berezia eta berritua. Aurten, lehenengo aldiz, Okendo plaza bilakatu baita gure elikagaien gordeleku. “Zer jan, hura izan” eta “Zureganatzen baduzu, gureago bihurtzen duzu” bezalako lemekin apaindu dute Euskal Herriko Nekazaritzako Produktuen VII. Azoka Berezia.
Guztia txukun-txukun jarri dute, produktu aukeraketa bereziarekin, sagardo kupel eta guzti. Eneko Goia alkatea ere aurkitu dugu Pagoa garagardoaren izena daraman txosnan bertako produktuekin egindako pintxoak dastatzen. Baina dena ezin daiteke kolore arrosakoa izan. Festetan ere ez. Nekazari batzuk ez daude batere gustura toki berriarekin, eta tinko adierazi dute: «Ez dugu ezertxo ere saltzen». Aurreko urteetan Loiola kalean kokatzen ziren, eta jakinarazi dutenez ez dago alderatzerik. Beraien ustez Super Amara bezalako supermerkatu batetik gertu egotean, erosketak egitera hurbiltzen zen jendea gehiago gerturatzen zen. Okendo plazako giroa, aldiz, bestelakoa da. Victoria Eugenia antzokia eta Maria Cristina hotelaren artean turistak dira gehienak. Eta goizeko hamarretatik gaueko bederatziak arte luze egiten dira egunak.
Urrutia Etxea okindegiaren postuan aurkitu dugu Marta –Andoaingo bizilaguna da, baina, berak nabarmendu bezala, nafarra izatez–. 18 produktu ezberdin eskaintzen ditu Uxueko gozogileak eta enpresaren jabeak Donostiako azokan ez badaude ere, Martak adierazi du nekeza dela azokatik azokara ibiltze hori. Bera gustura dago, saltsa gustatzen baitzaio. Baina ez horregatik bakarrik. Izan ere, aurreko egunean animoa hobetzeko moduko salmenta egin zuen. «Frantses familia batek sei euskal tarta erosi zituen! Izugarria da hori guretzat», onartu zuen. Are gehiago aurreko egunean beste familia batek gerezizko euskal tarta dastatu eta aurpegi txarra ipini ostean. Guztia jasan behar da horrelako azoketan.
Lau egun daramatzate Okendo plazan eta ia guztiek amaitu dute aurtengoz egitekoa. Gaur atseden eguna izango du azokak eta bihar itzuliko da, produktu ezberdinekin. Esaterako, Martak jakinarazi bezala, Naparbideak kolektiboko hiru postu egon dira atzo arte eta ostegunetik aurrera beste kide batzuek hartuko diote lekukoa.
Kalean jatearen artea
Gazta, marmelada edo galletekin apetitua ireki daiteke. Hala nola pintxoekin ere. Eguraldia lagun izanik, hori bai, betiere errazagoa da eserleku publikoetan jarri eta lasai-lasai jatea. Eta, hain zuzen ere, horixe behar dute lagun food truck deiturikoek. Azken urteetan lortu duten ospea nabaria zen Kursaaleko Urumea terrazan. Izan ere, 12.00etan ireki zituzten ateak karabana txikiek eta ordubete geroago jende lepo zegoen ilarak egiten. Eserleku guztiak ere hartuta zeuden dagoeneko. Hori horrela, eguerdiko ordu bietan jan nahi zutenak lekua aurkitu nahian ari ziren bazterretan.
Son Pa Bailar musika talde kubatarrak girotuta, aniztasun kulturala nabarmentzen zen Zurriolako hondartzaren gainaldean, eta langileak –sukaldariak– ezin hitz eginda ziren, jo eta ke lanean. Berehala jateko aukera ematen dute furgonetok eta samurra da beraien amuan erortzea. Nork esango zuen, herriko festetako ordu txikietan patata frijitu eta hanburgesak lepo saltzen zituzten furgoneta zuri horiek egunen batean egun argiz ere arrakasta izango zutenik?
“Street Food” topagunean kolore biziek hartu zuten nagusitasuna. Furgonetak moderno-modernoak ikusita, badirudi guztiok ikasi dugula kalean, edozein izkinatan, jaten. Horixe da furgoneton berezitasuna, izenak berak esaten duen legez –street eta food–. Kalean jatean artea, alegia.
Dena den, hamarnaka postu dauden arren, aukera aniztasuna ez da hain handia. Badago Galiziako furgoneta Padron piperrekin, Argentinako McAunas parrila eta guzti, Italiako pizzak, paella, meriendatzeko krepeak edo izozkiak. Eskaintza nagusia, aldiz, kebab eta hanburgesak dira. Prestatzeko errazak diren produktuak izanik, denbora asko zain egotea ekiditen duen alternatiba moduan ikus daiteke.
Herri giroa
Denbora eta erosotasun kontua izan badaiteke food truck-en modarekin bat egitea, herri giroan sentitzeko alternatiba ezin hobetzat jo daiteke donostiarrek “Kantina Pirata” izenarekin ezagutzen duten gunera hurbiltzea. Trinitate plazan dago kokatua, eta Donostiako Piraten ekimenak jateko eskaintzen duen toki bakarra da. Bakarra baina elkartasunez josia.
Egunero, hiriburuko auzo ezberdinetako 22 boluntario aritzen dira bai edarien txosnan bai afariak prestatzen. Eta horixe da duela zazpi urtetik guneak funtzionatzeko behar duen giltza. Batez beste 300 bat afari eskaintzen dituzte egunero.
Honako menua eskaintzen dute: saiheski, oilasko edo hanburgesa –haragiarena edo beganoa–, letxuga, kipula eta patatekin. Fidel eta Maren boluntarioek azaldu bezala, bertako eta garaian garaiko produktuekin osatzen dute menua: «Esaterako, letxugaren kasuan, gutako batek landatu zituen 200 bat pieza. Beraz, autogestionatua ere bada». Gainera, nahi duenak eskuragarri ditu Agiña enpresako Ibarrako piperrak, baita kroketak ere, Lurlan kooperatibak banatuak.
Gune alternatibotzat jo dezakegu “Kantina Pirata”, tabernetako ohiko bokatez gain, bestelako afariak ere eskaintzen dizkietelako piratei. Aurten, gainera, aurrenekoz bokatak ere eskaintzen hasi dira, baina bi egunez soilik, larunbatean eta hilaren 15ean: «Herri kirolen saioak jokatzen dira plazan eta berandu amaitzen dira, beraz, ezinezkoa da mahaiak prestatzen hasi eta garaiz ibiltzea. Larunbatean, esaterako, estreinakoz 200 bokata banatu genituen».
Trinitate plazaren xarma nabarmendu nahian edo, suak bertatik ikus daitezkeela adierazi zuten eta atzo bertso musikatuek girotu zuten afaria. «Leku estrategikoan dagoenez, ez da kanpotar gehiegirik ibiltzen», azpimarratu du Fidelek. Parte Zaharraren erdigunean egonik, Flamenkako zurrunbilotik at lasaitasuna bila daiteke, beraz, “Triniko” plazan.
Marruma elkartearen elkartasuna
Auzolanaren bidez sortutako proiektuak etorkizuna baduela ere ziurtatu dute, izan ere, txandak auzoka egitean, egokitu daiteke barran 60 urteko bat eta 18 urteko bat. Elkartasunaren hariari tiraka, hain zuzen, euria egiten duenerako, lau pareten artean jatea gustatzen zaionari, edo, bestela, preso eta iheslariei laguntzeko modu bat nahi duenarentzat, Marruma elkartean dauka tokia.
Egunero eskaintzen dituzte afalorduan “kazuelitak” Groseko Kale Berrian kokatutako elkartean. Janaria bizilagunek eta taberna eta elkarteek prestatzen dute eta bertako kideek gogoratzen dute badirela jada 20 urte ekimen honekin hasi zirela. Aurretik erreserba egin behar da posta elektroniko bidez (kaxuelitakgros@gmail.com) eta hurbiltzen denak aukera aparta izango du. Egunero menu ezberdina prestatzen dute: hasierako lau plater, beste lau bigarren, eta, bukatzeko, lau postre.
Egun indartsuenetan 50-60 lagun bildu daitezke afalorduan, eta, horretarako, funtsezkoa da auzolana, esperientziarekin bikaintzea lortu dutena.