Zinema Eraikitzen 34 sailean bost opera prima eta bigarren film bat aurkeztuko dira
Latinoamerikako zinemarako diru laguntzen programa da Zinema Eraikitzen, eta bi deialdi izaten ditu urtean, Donostia Zinemaldiaren eta Cinélatino, Rencontres de Toulouse zinema jaialdiaren eskutik. 2002an sortua, talentu berriak nazioartean proiektatzeko plataforma eta Latinoamerikako ikus-entzunezkoen industriaren erreferentziako elkargune bihurtu da. Sei lan aurkeztuko dira Donostian.
Guztira zeuden 181 ekoizpenetatik, sei film –bost opera prima eta bigarren film bat– aukeratu dira Zinema Eraikitzen jarduerarako: Joaquín Peñagaricanoren eta Pablo Abdalaren ‘Mateína’, Lucía Garibaldiren ‘Los tiburones’, Sebastián Muñozen ‘El Príncipe’, Carlos Piñeiroren ‘Sirena’, Nicolás Savignoneren ‘Ni héroe ni traidor’ eta Omar Zúñigaren ‘Los fuertes’.
Mateína Joaquín Peñagaricanok eta Pablo Abdalak zuzendutako lehen film luzea da. ‘La velocidad de los ceibos’ (2006) eta ‘Nuestra hospitalidad’ (2010) film laburren egileak eta zuzendariak dira biak. Filma 2045eko Uruguain dago girotuta. Ia denak berdin jarraitzen du, baina debekatuta dago mate belarra kontsumitzea.
‘Los tiburones’ Lucía Garibaldiren (Montevideo, 1987) lehenengo film luzea da. Bertako kostaldera marrazoak gerturatzen ari direlako zurrumurruak jotako bainu-etxe bati begiratu, eta enpatia bilatzeari buruzko gogoeta egingo du.
‘El Príncipe’ Sebastián Muñozen lehenengo lana da, halaber. Aurrez arte-zuzendari gisa lan egin du, Alicia Schersonen eta Pablo Larraínen mailako txiletar zuzendariekin. Txilen girotua, 70eko hamarkadaren hasieran, bere lagun minena sastakatu ondoren espetxean amaituko duen gazte baten bizipena kontatzen digu.
‘Sirena’ Carlos Piñeiro (La Paz, 1986) boliviar zinemagilearen lana da. Besteak beste, ‘Plato paceño’ (2013) eta ‘Amazonas’ (2015) film laburren egilea da Piñeiro. Titicaca lakuko irla urrun batean ingeniari baten hilotza bilatzeko eta erreskatatzeko ahaleginaren berri emango digu.
‘Hospital de día’ (2009) eta ‘Los desechables’ (2013) zuzendu eta gero, Nicolás Savignonek ‘Ni héroe ni traidor’ filmatu du, musika ikastera espainiar Estatura joatearekin amets egiten duen gazte bati buruzko filma.
Omar Zúñigak (Santiago 1985) Teddy saria irabazi zuen 2015eko Berlinalen ‘San Cristóbal’ film laburrarekin. ‘Los Fuertes’ egiten duen lehenengo film luzea da. Txileko herri urrun batean arrebari bisita egin eta bertako kontramaisu batekin maiteminduko den gizon bat da filmaren protagonista. Filmaren ekoizlea Dominga Sotomayor txiletar zuzendaria da, eta berriki Locarnon sariztatu dute haren filmetako bat, ‘Tarde para morir joven’.