INFO

Bakailaoa izango da protagonista Areatzan

Beste urte batez, itsasoko produktuen usainez beteko da Areatzako festa eremua asteazkenetik larunbatera bitartean, eguerdi partean.

Aurten ere itsasoko produktuen usainez beteko da Areatzako festa eremua. Irudian, iazko epai-mahaia kazuelak dastatzen eta aurtengo egitaraua. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Aste Nagusiko Bilboko Konpartsek euskal kulturan oinarrizko diren itsasoko produktuak prestatu beharko dituzte Arrain Fish Festivalean (BKAFF). Aurten bosgarren edizioa beteko du ekimenak, beraz Aste Nagusiaren 40. urteurrenean beste urtemuga xumeago bat beteko da.

Beste urte batez, itsasoko produktuen usainez beteko da Areatzako festa eremua asteazkenetik larunbatera bitartean, eguerdi partean. Aurtengo arrain festibala eta lehiaketa gastronomikoa berrikuntza ugariekin dator.

Nabarmenena konpartsakide-menua sortu dutela Aste Nagusiko ostiralerako: pil-pil erako bakailao- lehiaketaren egunean, urtebetetze-menua dastatzeko aukera izango da. Bertoko produktuak erabiltzeko filosofia mantenduta, aspaldiko Aste Nagusi haien esentzia berreskuratu nahi dute.

Konpartsakideen hitzetan, «ekonomikoki erraztu eta oraindino herrikoiago bilakatu nahi dugu pil-pil erako bakailao-txapelketa». Gauzak horrela, «helduen zein gazteen edozein sukaldaritzazale-taldek beldurra kendu eta lehiaketan aurkeztu ahal izango dute, inoiz baino erosoen».

Bost lagunentzako menua prestatzeko prezio ekonomikoan erraztuko dituzte honako osagaiak: lehenbiziko platererako, barazkiak eta bertako beste produktu batzuk; eta bigarren platererako, bakailao-xerrak, Iñaki Aurtenetxeren Bacalaos Sayomar dendarekin elkarlanean.

Hala ere, hori ez da izango aurtengo BKAFFek izango duen berritasun bakarra. Bakailaori omenaldi oso baten barruan, ostegunean adibidez, 500 bakailao-pintxo banatuko dituzte, pil-pil, bizkaitar eta Ranero klubeko eratara prestatuta.

Ostiralean aldiz, Euskal Txiki Masterrak ere omenaldia egingo dio «gure arrain preziatuari» eta bakailaoaren kokotxak pil-pilean prestatuko dituzte neska-mutilek. Azkenik, ostiraleko programazioa biribiltzeko, Zigor Iturrieta eta Juantxu Larrucea sukaldari ezagunek lagunduta, «showkaldaritza-saioa» egingo dute; hainbat bakailao-mota kozinatuko dituzte: pil-pilean, Bizkaiko eran, Ranero klubaren modura... Eta dena, pantaila- erraldoian segitu ahal izango da, BKAFFeko ordezkariek esandakoari jarraiki.

Slow food filosofia Arrain-festibalak hasieratik duen filosofia nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek. Izan ere, munduan «slow food» filosofiaren pean eta kalean egiten den lehiaketa bakarra da BKAFFa. Lau egunetan honako arrain hauek prestatu beharko dituzte Areatzara hurbiltzen direnek: txipiak euren saltsan, marmitakoa, bakailaoa bizkaitar erara eta bakailaoa pil-pil saltsan.

Bilbotarrek, ingurukoek zein kan- poko bidaiariek parte har deza- kete. Hori sustatze aldera, Bilboko konpartsek hiriko hainbat hostel-en laguntza izaten dute, eta kanpoko bidaiariei ere helarazten diete parte hartzeko gonbitea.