Emakume bertsolarien garrantziari gorazarre Bilboko Aste Nagusian
Santiago plazan, bertsozaletasunaren epizentroan, izan den ‘Ez da kasualitatea’ izenburupeko saioarekin emakume bertsolarien ekarpena goraipatu nahi izan dute.
Aste Nagusian, bertsozaleen topaleku bihurtzen da egunero Santiago plaza. Ostegun honetako saioa, baina, berezia izan da, emakume bertsolarien ekarpena eta garrantzia azpimarratu nahi izan duelako.
‘Ez da kasualitatea’ izenburupean egin duten saioan Miren Amuriza, Oihana Bartra, Alaia Martin eta Irati Erkizia izan dira protagonista.
Bilboko Udalak azaldu duenaren arabera, beste egunetako saioetan ere ez da falta emakumeen presentziarik (Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Uxue Alberdi izan dira kntari, besteak beste), baina gaurkoarekin agerian jarri nahi izan dute «nolako garrantzia duten emakumeek bertsoen munduan».