INFO

Arrazakeriaren kontrako futbol txapelketa Santutxuko Karmelan

Joan den abuztuaren 17tik Santutxun lotan dauden migratzaileekin elkartasuna adierazteko,  arrazakeriaren kontrako futbol txapelketa jokatuko dute Karmelan larunbat honetan, irailak 1.

Futbol & Reggae kartela.

Irailaren 1ean ospatuko da arrazakeriaren aurkako III. ‘mundialitoa’ Santutxuko Karmelan. Goizez eta arratsaldez jokatuko dituzte partidak eta futbolarekin batera reggae musika entzungo da Pantx kolektiboaren eskutik. Bizkaiko federazioko epaile emakumeak arduratuko dira partidak zuzentzeaz.

Futbol txapelketa data hauetan antolatzea erabaki dute azken egun hauetan Santutxuko Karmelan lo egiten ari diren migratzaileei elkartasuna adierazteko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak sare sozialetan azaldutakoaren arabera.

Atxuri eta Bilbo Zaharratik igaro ostean, Bizkaiko hiribura heltzen ari diren pertsonei harrera egiteaz arduratzen ari den sare herritarra Santutxura lekualdatu zuten. Abuztuaren 17tik daude bertan eta astelehen gauean 148 pertsona izan dira bertan. Erakundeen utzikeria salatzeko gosariak eta mobilizazio ezberdinak egin dituzte udan zehar.

2016ko azaroan jarri zen martxan KRML Bizirik egitasmoa Karmelo ikastola zegoen tokian. Erabilerarik gabe gelditu zen tokiari bizitza eman diote eta ekimen anitz antolatzen ari dira auzoko talde ezberdinak. Joan den urtean izena aldatzea erabaki zuten Karmela deituz. Azaldu zutenez, Karmelak «izaera feminista, migratzailea, langilea, euskalduna eta errebeldea elkartzen ditu». Aldi berean, «zalantzan jarri nahi ditu jatorri, klase, sexualitate eta generoaren koordenatu normatiboak».