INFO

«Fiestas Euskaras» edo Euskal Jaiak, hemen da udako azken txanpa

Urtez urte ekimenak gehituz, programa biribiltzen doa. Euskal Jaiak, «Fiestas Euskaras» izenez 1893an sortuak, Donostiako ateak joka dabiltza. Urte luzeotan gorabeherak izan dituzte, hainbat etenaldirekin; hala ere, osasuntsu dabiltza, alajaina!


Uda azken txanpan sartzen denean sasoiak indarra galdu beharrean berpiztu egiten da. Igaro dira herri eta auzoetako festa gehienak. Ekainak ekartzen ditu gure txokoetara sanjoanak, jarraian beste hamaika ospatzeko, santutegiari errepasoa emanez.

Festek egunerokoa astintzen dute, normaltasunetik ateratzen dituzte herritarrak, zereginak neurri batean alde batera utzi eta kalean egiten du denborak hegan. Aste Nagusiak Donostian ere eragin bertsua du: jendetza, ilarak, zarata, algarak… bederatzi egun, zein baino zein biziagoak. Eta atsedena egun batzuetakoa baino ez da, aste pare batekoa baino ez. Hemen dira Euskal Jaiak.

Jatorrian “Fiestas Euskaras” deituak, 1893. urtean Anton Abadiak, Sara, Donibane Lohizune eta Urruñako euskal festen sortzaileak, euskal festa antolatu zuen Azpeitian. Handik hiru urtera hartu zuen lekukoa Gipuzkoako Aldundiak, eta Arrasaten antolatu zituen aurrenekoz jaiok, hurrengo urteetan gainerako herrietan egiteko asmoz. Helburu nagusia euskal usadio eta tradizioen bueltan ekintzak antolatzea zen, horiek goraipatzea nolabait. Hala, gaur egun bezalaxe, nekazaritza-lehiaketak antolatzen zituzten, literatura-lehiaketak nahiz dantza eta herri-kirolak.

Hainbat urte igaro ziren arte ez zuen Donostiak protagonismoa hartu gaur egun ezagutzen ditugun Euskal Jaiak antolatzeko garaian. Jose Antonio Begiristain alkateak erakutsi zuen horretarako interesa. 1927. urtea zen, eta hamar egunez izan ziren jaiak, irailaren 8tik 18ra bitartean, eta Euskal Astea izenpean. Hurrengo urtean, Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxearekin batera, Aldundiak ere antolakuntza batzordean parte hartu zuen.

1936ko gerra tarteko, festen ospakizuna bertan behera geratu zen, eta 1940an, guda bukatu bezain pronto, berreskuratzeko saiakerak egin ziren.

Ez zen hori izan, ordea, etenaldi bakarra. 1961. urtean Asteari bere jatorrizko izena jarri zitzaion: Euskal Jaiak edo “Fiestas Euskaras”, eta deitura hori izango zuen 1985. urtera arte. Orduan, denbora batez, berriro eten egin ziren, harik eta 1994an Parte Zaharreko hainbat elkartek jai hauek berreskuratu zituzten arte. Kultur eta Turismo Ekintzetxeak auzoko jai batzordearekin egindako elkarlanaren fruitua izan zen. Geroztik, urtero-urtero ospatzen dira hirian.

Kultura, gastronomia, kirola…

Osasuntsu daude Euskal Jaiak. Dudarik gabe, azken urteetan, edizioz edizio, programa aberastu egin da, osatu, biribildu. Gaur hasi eta datorren igandera arte (irailak 9) kirolak, artisautzak, gastronomiak, dantzak eta musikak beteko dituzte Donostiako kaleak. Guztira, 70 ekitaldi.

Kirolari dagokionez, arrauna izango da ezbairik gabe jaun eta jabe, urtero legez. Ogitartekoa esku batean eta irrati txikia bestean, itsasoaren bueltan adi begira bilduko dira milaka pertsona iraileko lehen bi igandeetan, Kontxako bandera preziatua nork etxeratuko duen ikusteko. Apustuak zabalik dira… 11.00etan emakumeen liga; 12.00etan gizonezkoena. Baina txandak txanda, aurten, aurrenekoz, sari ekonomikoak berberak izango dira batzuentzat zein besteentzat; hala, errekonozimenduari dagokionez bazterketa amaituz.

Trinitate plazak, berriz, pilota txapelketak hartuko ditu. Donostialdeko txapelketak egingo dira, benjamin, alebin, kadete, haur, gaztetxo eta senior mailak neurtuz. Partidak hainbat egunez jokatuko dira. Lehenengoa, astelehenean 15.30ean.

Edariak ere badu izen propioa: sagardoa. Lurraldeko 35 sagardogilek ekoiztutakoa dastatzeko aukera izango da Konstituzio plazan, 11.00etatik aurrera, larunbat honetan. Eta, aldi berean, baratzeak ematen dituen barazki onenak Bulebarrean. Gipuzkoako tomate lehiaketa eta azoka batetik, eta produktu ekologikoena bestetik. Guztia, 10.00etatik aurrera.

Euskal Herriko garagardo ekoizleek ere emango dute dastatzera ekoizten dutena. Basque Beer Fest delakoa zabalik egongo da Bulebarrean irailaren 6, 7 eta 8an.

Dantza, poesia jardunaldiak eta zinema, sardina jana azken egunean, buruhandiak eta erraldoiak, hegaluzea donostiar erara zein marmitako lehiaketak… eta Frantzia pasealekuan hamaika egunez izango den artisautza azoka, doako tailerrekin. Udak dakarren azken txanparekin bat egitea baino ez da falta.

 

suak donostia irentsi zuela 205 urte: abuztuaren 31k memoria du

Bihar 205 urte beteko dira Donostian tropa anglo-portugaldarrak frantsesen aurka borroka egiteko hirian bortxaz eta indarkeriaz sartu eta honi su emanda dena suntsitu zutela, gaur egun Abuztuaren 31 izena duen kalea izan ezik.

Gertaera lazgarri haiek oroitzeko, urtero bezala, tropak Bretxatik nola sartu ziren antzeztuko da, 19.30ean, eta 21.00etan Zuloaga plazan Urgull mendiko erasoa eta hiriaren erreketa irudikatuko dira. 21.30ean omendutako kaleko argiak itzali, kandelak piztu, eta San Bizente elizatik Santa Mariara martxa abiatuko da, tartean eraildako donostiarrak eta bortxatutakoak gogora ekarriz. GARA