INFO

Euskal Errepublika aldarrikatu eta Kataluniari babesa adierazi diote Bermeon

Independentistak sareak Euskal Errepublika aldarrikatu du Bermeon «espainiar eta frantziar estatuen egituren barruan ez daukagula inolako burujabetza aukerarik» nabarmenduz. Era berean, Kataluniari babesa adierazi diote.

Euskal Errepublika aldarrikatu dute Bermeon. (Independentistak Sarea)

Aldarrikapena eta jaia uztartuz, independetziaren aldeko eguna ospatzen ari dira gaur Bermeon. 12:30ean txaparta hotsek eman diote hasiera egunari. Bertan burutu den ekitaldian, beste batzuren artean, Txutxi Ariznabarretak hartu du parte eta Euskal Herri burujabea aldarriaktu du: «Geure etorkizuna eraikitzeko burujabetza osoa behar dugu eta espainiar eta frantziar estatuen egituren barruan ez daukagu inolako burujabetza aukerarik. Menpekotasunak gure etorkizun politiko, ekonomiko, soziala zein kulturala hipotekatzen ditu; gatazka eta noraeza besterik ez dakar. Independentzia da gure alternatiba bakarra. Euskal Errepublika da gure helburua», adierazi du.

Euskal Herriko mugetatik haratago, Kataluniako Diada ere gogoan izan du Ariznabarretak: «Ziur nago berriro ere herri katalanak egundoko indar erakustaldia egingo duela Diadan, eta independentziaren bidean fase definitiboari aurre egiteko prest dagoela adieraziko diola mundu guztiari. 
Iazko urriaren 1eko erreferendumean argi eta garbi adierazitako agindua bete eta Errepublika Katalana eraikitzeko estrategian aurrera egiteko ordua dela aldarrikatuko dute herritarrek».

Euskal Herriak prozesu horretan jokoan duena ere nabarmendu nahi izan du. «Borroka honetan katalanek beste jokatzen dugu geuk ere. Guztion etorkizuna jokoan dago. Bi herrion arteko indarrak batzeko garaia da. Hemen ere, prozesu soberanista martxan jarri eta Kataluniarekin batera, estrategia komun baten bitartez, Estatu autoritarioari aurre egin eta bi herriok independentziaren bidean aurrera egiteko ordua da».