Baionako Biltzarra
Arantzazuko Biltzarrean 1968an onartutako txostenaren hazia lau urte lehenago erein zen Baionan. Etzi Euskaltzaindiak gogoan izango du idazle talde haren aitzindaritza, «Euskararen batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpena» izenburupeko ekitaldian. GARAk hiru egunotan orduko protagonistak ekarriko ditu orriotara.
1968ko urria da. Euskaltzaindiak bilera garrantzitsua du Arantzazun. Mahai gainean, euskararen batasuna. Hil ala bizikoa askoren ustez gure hizkuntzak iraun zezan. Une historiko erabakigarria da, ikastolak eta argitaletxeak hastapenetan dira eta orduantxe ezarriko dira testugintzaren eta kazetaritza berriaren oinarriak.
Giroa gori-gori dago, hizkuntza estandarraren gaiak –aldekoek eta aurkakoek tinko eusten diote– euskal jendartean pizten duen eztabaida sutsuaren isla.
Euskal literaturgintzaren historian, klasikoetatik hasita, hainbat idazlek nabarmendu izan dute euskara batuaren beharra. Euskalkien gainetik, hizkuntza estandarra bultzatzea. Helburu horrexekin abiatu zen Euskaltzaindia bera 5o urte lehenago –2019an ospatuko du bere mendeurrena–. Sortu eta laster hainbat biltzar egingo ditu, baina bost hamarkada –36ko Gerrak 1941era arteko parentesia ireki zuen– igaroko dira euskara batuaren habiak finkatzerako. Makina bat txosten geratuko dira bide bazter malkartsuan. Bada detaile argigarria, egoera nolakoa zen islatzen duena: Euskaltzaindiak bilerak gaztelaniaz egiten zituen. 50eko hamarkadaren hasieran hasiko dira horri buelta ematen.
Hainbeste izerdi beharko duen bultzada ofiziala Arantzazun hiru egunez luzatuko den bilkura gatazkatsuan emango bazaio ere, lehen oinarri sendoak lau urte lehenago ezarri ziren. Eta ez Oñatin, Baionan.
Jo dezagun 1964ra. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi erbestean da. Euskaltzaindian hainbat korronte daude aurrez aurre. Buru adina aburu: Joanes Leizarragaren euskara eredua defendatzen dute batzuek, gipuzkera osotua besteek, nafar-zuberera hurrengoek... Eta inor ez da aurrerapausorik emateko gai.
Bitartean, hainbat idazle ari dira beren kasa euskara baturanzko pausoak ematen. Eta idazle talde bat izango da, baita ere, Arantzazuko Biltzarraren hazia ereingo duena.
Txillardegik Ipar Euskal Herrian Euskal Idazkaritza Elkartea sortzeko ekimena bultzatuko du. Akademia pausoren bat ematera bultzatu nahi du eta badaki ezer lortu nahi badu alderdi abertzaleen babesa beharko duela. Hala egingo du. Ezin ahaztu urtebete lehenago Euskaltzaindiari aurkeztu dion dimisio gutuna. Beste presio bidea. Baina ez diote onartuko eta Jose Mari Lojendio euskaltzainburuak hitza emango dio euskara batuaren aldeko lanak azkartuko dituztela.
Mahaiaren bueltan eseriko dira ETAko bi kide, Eneko Irigarai eta Txillardegi bera; EAJko beste bi, Telesforo Monzon eta Jesus Solaun; Davant, Enbatakoa, eta Ipar Euskal Herriko hiru apaiz: Jean Hiriart-Urruti, Piarres Andiazabal eta Roger Idiart, liturgia euskalduntzen ari zirenak. Azken bileran Piarres Laffite ere gehituko zaie. Urte berean, abuztuaren 29-30ean, Euskal Idazkaritzak batzar irekirako deia egingo die Euskal Herriko idazle eta irakasleei, haien iritzia jakin nahian. 1965ean kaleratuko dute ondorioak biltzen dituen txostena, Txillardegik idatzia. Hura izango da Arantzazuko Biltzarrak 1968an onartuko duena, gutxi-asko. Koldo Mitxelenak aurkeztuko du idatzia bileran, aldaketa txiki batzuk eginda. Ezinbestekoa da Mitxelenaren babesa pausorik eman nahi bada. Harekin batera Laffitek ere paper garrantzitsua jokatuko du biltzarrean Euskaltzaindiko sentsibilitate eta iritzi desberdinen elkartzean.
Hilabete batzuk lehenago, Baionatik Arantzazurako bidean, Ermuan egingo du geldialdia txostenak. 1964ko ekainaren amaieran, Gerediaga Elkarteak eta “Jakin” aldizkariak deituta, idazle talde batek –Idazleen Alkartea– Ermuko Zina izenpetuko du, euskara batuaren alde.
“Jakin”-ek Baionako Biltzarraren atarian erabakiko du euskara batuaren egitasmoarekin bat egitea, urrats hori egin zuen lehen aldizkaria eta bakarra izanik. Aldiz, 1970ean, Arantzazuko Biltzarretik bi urtera, zortzi hedabidek uko egingo diote Euskaltzaindiaren erabakiari. “Herria”, “Goiz Argi”, “Zeruko Argia”, “Agur”, “Karmel”, “Kili-Kili”, Loyolako Irratia eta “La Voz de Guipúzcoa” irratsaioko arduradunak daude sinatzaileen artean.
Hala gogoratu du Joanmari Torrealdaik, Ermuko Batzarraren bultzatzailea eta Arantzazuko Batzarrean egon zena, “Jakin”-ek (225. zenbakia) euskara batuari eskaini dion monografikoan. Baita jasan zituzten ondorioak ere. «Euskara batuaren etsaiek jopuntuan hartu gintuzten, boikoterako deiak egon ziren, baja asko izan genuen, belaunaldi zahar ia osoa esango nuke. Nemesio Etxanizek gerra santura dei egin zuen. Honela idazten dio Santi Onaindiari: “Guztiok ‘Jakin’-en erronkari erantzun behar diogu. (Ia, ba, atzartzen dituzun erdi-lotan dauden H-aren kontrako guztiak)”».
Liskarrak liskar, 1968ko urriaren 3tik 5era Arantzazun egindako biltzarrean euskara batuak Euskaltzaindiaren onespena jasoko du.