INFO

Euskal Elkargoak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatu dute Baionan

Euskaltzaindiak eta Eiuskal Elkargoak hitzarmena sinatu dute Baionan, Akademiaren mendeurreneko jardunaldian. Euskaltzaindiaren egitasmoak interes publiko «nabarmena» dutela aitortu du Elkargoak eta euskarari dagokionez aholku-emaile ofizial izendatu du. Andres Urrutia euskaltzainburuak «iraganari so eta etorkizunari adi» egoteko deia egin du.

Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoaren lehendakaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua, sinatu duten hitzarmenarekin. (EUSKALTZAINDIA)

Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira jardunaldia egiten ari dira gaur Baionan, «Euskara batua eta Ipar Euskal Herria: 1964-2018» izenburupean.

Sarrera ekitaldian Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu duenez, ospakizun honetan iraganari so egingo diote, baina baita etorkizunari ere, izan ere «etorkizuna dugu eginkizun, eta ez bada gure xedea, galduta gaude». Gogora ekarri du 1918ko urtarrilaren 26an Bizkaiko Foru Aldundiak proposatu zuela beharrezkoa zela euskaldun guztiak, herrialde eta hizkera desberdinetakoak, akademia baten inguruan batzea; orain horri segida emateko garaia dela aldarrikatu du, hurrengo belaunaldiei lekukoa emanez. «Iraganari so eta etorkizunari adi» egongo direla esan du.

Xarles Videgain euskaltzainburuordearen, Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoaren presidentearen eta Jean-Rene Etchegaray alkate eta Euskal Elkargoko lehendakariaren hitzartzeen ondoren, hitzarmena sinatu dute Urrutiak eta azken honek.

Horren arabera, Euskaltzaindiaren egitasmoek interes publiko nabarmena dutela aitortu du Euskal Elkargoak eta, euskarari dagokionez, aholku-emaile ofizial izendatu du euskararen Akademia.

Elkargoak konpromisoa hartu du Euskaltzaindiaren arauak, gomendioak eta irizpideak jarraitzeko, hizkuntzaren kalitatean sortzen diren hutsuneak Euskaltzaindiari jakinarazteko eta elkar-aditze egitura bat sortzeko.

Euskararen sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da bi erakundeen arteko elkarlana, bereziki, Akademia Ipar Euskal Herrian ezagutarazteko xedez.

Era berean, Onomastika alorrean dauden zalantzak argitzera eta horren gaineko datu-base bat sortzera konprometitu dira.

Ekintza horiek burutzeko 20.000 euroko diru-laguntza jasoko du Euskaltzaindiak eta akordioak 2019ko abendura arte iraungo du.

Euskaltzaindiak nabarmendu duenez, hitzarmen hau izenpetuta Euskal Herri osoko aitortza instituzionala duen erakunde bakarra da Akademia, hiru administrazioekin dituen itunei esker.