Korrikaren 21. edizioko spota grabatzeko deia
200 bat egun barru hasiko da 21. Korrika eta hura prestatzeko lanetan buru belarri dabil AEK. Spota grabatzen aritu dira udaran eta azken grabaketa saio baterako deia egin dute orain. Irailaren 24an iluntzean izango da grabaketa eta parte hartu nahi duenak esan@aek.eus helbidera idatzi behar du.
Atzera kontua martxan du AEK-k bere webgunean, gaur 203 egun falta direla ikus daiteke bertan eta pixkanaka prestaketa lanak aurreratzen ari dira.
Uda hasieran spotaren grabaketan parte hartzeko deia egin zuten eta orain parte hartzeko prest agertu diren guztiei eskerrak ematearekin bat deialdi berria egin du AEK-k. Iragarkiaren atal berri bat grabatzeko hitzordua jarri dute Gasteizen, Salburuan, irailaren 24an. 18.00etatik 21.00etara. 100dik gora lagun elkartzeko asmoa dutela adierazi dute eta nahi duenak parte hartzeko aukera dagoela. Adin guztietako jendea behar dute eta beraz norberaren izen-abizenak eta adina zehaztu eposta bidez eman ahal du izena hala nahi duenak, esan@aek.eus helbidera idatzi behar da.