INFO

Joxe Angel Urtiaga deportatuaren senideei bidaiatzeko jarritako trabak salatu ditu Etxeratek

1984az geroztik Kuban deportatuta dagoen Joxe Angel Urtiaga santurtziarraren anaia eta koinatari Habanatik Madrilerako hegazkina hartzea debekatu zietela salatu du Etxerat elkarteak. 


Ohar baten bitartez, Joxe Angel Urtiaga deportatu santurtziarrei pasatakoa salatu du Etxeratek. 

Urtiagarekin Kuban egun batzuk igaro ondoren, Euskal Herrira itzultzeko bidaia egiten orduan iritsi ziren arazoak. Maletak fakturatu eta esperoan zeudela, hegazkinera igotzea debekatu eta hegaldi hura hartu ezin zutela esan zieten. Etxeraten arabera, «aire-konpainiako langile batek AEBetako aire-espazioa igarotzeko segurtasun kontuak aipatu zituen debekua justifikatzeko».

«Duela 34 urte Kubara deportatua izan zen euskal herritar baten senideak izatearen delitu bakarra dutela» salatu du Etxeratek. 

Horrez gain, azpimarratu du Kubarako bidaian ez zutela arazorik izan eta bi senideek ez dutela aurrekari penalik. 

Urtiagaren anaiak aurretik ere izan ditu arazoak irlara bidaiatzeko, baina lehen aldia da hegazkinera igotzeko debekua ezarri zaiola. 

Ondorioz, beste bi txartel erosi behar izan zituzten, Kuban beste bi egun igaroz, horrek dakarren gastu ekonomiko «handiarekin». 

Asteartean lortu zuten etxera itzultzea.

Etxeratek nabarmendu nahi izan du Urtiagaren anaiak «osasun egoera oso delikatua» duela eta bidaiarekin izandako arazoek eragin dioten gasu ekonomiko zein «desgaste fisiko eta sikologikoa» irmoki salatu ditu. 

Hortaz, egun ezartzen diren neurri arbitrario guztiei amaiera emateko garaia dela aldarrikatu du Etxeratek.