INFO

Trantsizio ekologikorako plana aurkeztu du Euskal Elkargoak

Euskal Elkargoaren proiektu guztietan atxikiko den «trantsizio energetiko eta ekologikoen Klima Plana» aurkeztu zuten atzo Baionan. Herritarren mugikortasun, etxebizitza, lanpostu eta elikadura beharrei irizpide ekologikoekin erantzuteko nahia du egitasmoak. «Energia gutxiago gastatu eta energia berriztagarriak erabiltzeko apustua» egin du Elkargoak. Eragile sozialekin elkarlanean, diagnosia abian da, eta otsailetik aurrera xede estrategikoak ezarriko dira.


«Euskal Elkargoaren programaren bihotzean da Klima Plana, eta arlo guztietan eragiten du», azpimarratu zuen Jean-Rene Etchegaray lehendakariak. Martine Bisauta, trantsizio ekologiko eta energetikoaren ardura duen Euskal Elkargoko lehendakariordea, zuhurrago azaldu zen, eta, umorez, honela erantzun zion: «Esne berotan dagoen azukrea bezala da, danean dago, baina ez dugu ikusten».

Hain zuzen ere, egoeraren larriaz ohartarazi zuen Bisauta andereak. Bere iritziz, «ez dugu ulertu lurralde hauskor batean bizi garela, etorkizuneko belaunaldiei utziko diegun ondareaz mintzo gara, baina ez da geroko erronka bat, jada hasi gara ondorioak pairatzen».

Plan integrala

Frantziar Estatuan 20.000 biztanletik gora duen tokiko erakunde orok bete behar dituen legeen baitan kokatzen da Euskal Elkargoak abian jarri duen egitasmoa, baina, legeak jarraitzeko eskatzen duen planaz harago, Euskal Elkargoak «Estatu mailan eta Europan adibide» izan nahi duela nabarmendu zuten atzo Baionan eskaini zuten prentsaurrekoan. «Ekonomiaren, enpleguaren, bizilekuaren, ekintza sozialaren, kulturaren, erakargarritasunaren, mugikortasunaren, uraren eta ingurumenaren alde, ekin diezaiogun gure indar guztiez», dio Planaren goiburuak.

Horrela, arlo guztiak barnebiltzen dituen plan integral bat dela azaldu zuen Bisautak. Eragile desberdinekin egiten duten elkarlana zerotik ez dela abiatzen ere oroitarazi zuen. Elkarlan horri esker jaso baitzuten 2015ean “Hazkuntza berdearen aldeko energia positiboen lurralde” labela. Herri eragileek duten garrantzia ere aintzat hartu zuen Bisautak. «Zorionez instituzioetatik at zentzu berean sortu eta lan egiten duten mugimenduak badira, beraz, guri dagokigu haiek sustengatu eta bitartekoak eskaintzea».

Helburuak eta onurak

Elkargoaren planak bost helburu ezarri ditu; berotegi-efektua eragiten duten gasen isurketa murriztea, aldaketa klimatikoetara egokitzea, energia kontsumoa apaltzea, airearen kalitatea hobetzea eta energia berriztagarriak sustatzea. Bisautak hitz gutxitan laburbildu zuen xedeon zioa: «Energia kontsumoa jaitsi behar da eta erabili behar den energiak berriztagarria izan behar du».

Berotze efektuari aurre egiteko gauzatu behar den trantsizio ekologiko eta energetikoak herritarren artean sarri ez duela harrera ona aitortu zuten planaren aurkezleek. Etchegarayren aburuz, «iraultza mentala egitea dagokigu, zeren hautetsi guztiak ere ez dira oraindik kontziente egoeraren larritasunaz». Ordea, proposamen berritzaileak onurak baino ez dituela iragarri zuten, «bai lurralde mailan, bai hiritarrei dagokienez, baita Elkargo mailan ere», eta zenbait adibide jarri zituzten. Hala nola, antolaketa orekatua, ekonomia lokala indartzea, klima aldaketetara egokitzea, saneamendu egituren egokitzea eta uraren zein airearen kalitatearen hobetzeak osasunean dituen onurak.

Agenda estua

Lehen urratsa Ipar Euskal Herriko diagnosi partekatu bat aurkeztea da. Horretan ari dira egun. 2019ko otsail eta apiril artean estrategiak eta xede zehatzak aurkeztuko dituzte. Gogoeta kolektiboa eta komunikazioa sustatzeko 200.000 euroko aurrekontua dute. 2019ko urrian ekintza plana martxan jartzea izango da hurrengo urratsa eta ezarritako planaren ebaluazioa 2025ean egingo da.

Isurtzen diren gasen %15 lurralde elkargoek hartutako erabakien ondorio dira (ibilgailu publikoak, eraikinak, kale argiztapena, eta abar), eta, %50, hiritarren eguneroko ohiturei lotuak. Horregatik, Etchegarayk paralelismoa eginaz, zera abertitu zuen: «Eremu lokala, globala bezain garrantzitsua da».