INFO
Elkarrizketa
Ander Iriarte eta Aitor Bereziartua
‘Bihar Dok 13’ filmeko zuzendariak

«Garaiak eta esentziak aldatu dira eta hori mantendu nahi genuen»

Gastronomia eta euskal kulturaren esentzia bat datozen dokumentalaren sinatzaileak dira Ander Iriarte eta Aitor Bereziartua. ‘Bihar Dok 13’ proposamen esperimentala da, abangoardiari iraganeko leihoa zabaltzen diona. Culinary Zinema saila itxiko duen filma da.

(MIROKUTANA)

Duela bi urte zabaldu zuten Mirokutana ekoiztetxea Ander Iriarte eta Aitor Bereziartuak eta hasi ziren mahai gainean jartzeko proiektuen bila. Denbora hartan gertatzen ari zenari begira jarri ziren. Ez Dok Amairu eta Gaur taldeari buruzko erakusketak bidean gurutzatu zitzaizkien, eta prentsa idatzian argitaratutako sukaldaritza berriari buruzko artikulu bat izan zuten begien aurrean. Chillida, Zumeta, Oteiza, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Artze Anaiak, Xabier Lete... sartu ziren haien pentsamenduetara; baita Arzak, Arbelaitz edo Subijana bera ere.

Bazituzten bi elementu duela bost hamarkada aitzindari izan zirenak; euskal kulturak bere diziplina desberdinetan izan zuen eraberritzea eta lapiko artean sortu zen sukaldaritza berriaren jaiotza. «Guztia hamarkada bakarrean gertatu zen!», aipatzen dute bi zuzendariek.

Proiektua gorpuztea falta zitzaien oraindik. Hasi ziren harremanetan jartzen abangoardia hura bultza zuten protagonistekin, baina guztien ahotik erantzun berbera jasotzen zuten. «Nekatuak zeuden behin eta berriro berdina kontatzeaz eta ez zuten jarraitu nahi gauza berbera egiten; esan ziguten garaia zela zerbait berria egitekoa».

«Hasi ginen pentsatzen ez genuela zerbait historikoa egin nahi, baizik eta errebisio bat. Agian garaiko sukaldariek egin zezaketela garaiko artistetan inspiratutako plateren bat... zerbait bizia. Baina belaunaldien arteko oinordekotzan ere sartu nahi genuen», nabarmendu dute.

Basque Culinary Centerrera jo zuten, beraz. «Ulertu genuen beraiek eramaten dutela nolabait euskal sukaldaritzaren esentzia, hau da, beraiek direla ondorengoa eta bat batean ideia hau jarri zen mahai gainean».

Esperimentua

‘Bihar Dok 13’ esperimentu bat da, sorkuntza esperimentu bat, euskal kultura eta gastronomia bide berean jartzen dituena. Horretarako, Basque Culinary Centerreko bost ikasleren laguntza izan dute; bakarra euskalduna, besteak atzerritarrak.

Euskal kulturaren giltzarrietara eramaten dituzte lanean, Arantzazuko basilikara edo Altzuzako Oteiza Museora, esaterako, eta bakoitzak jasotzen duen informazioa inspirazio iturri hartuta, plater bana egingo du, duela bost hamarkada kulturan eta gastronomian iraultza bultza zuten protagonistei eskainiko diena.

«Interesgarria iruditzen zitzaigun erakustea duela 50 urte Euskal Herria bizi zela oso kodigo zaharrekin eta lagun hauek berritu egin zituztela. Gaur egungo euskal kulturaren errealitatea oso desberdina da. Basque Culinaryn mundu osoko ikasleek hemengo esentzia hori hartzea oso interesgarria iruditzen zitzaigun», jarri dute azpimarran zuzendariek.

Dokumentalarekin batera bost kantuko disko bat kaleratuko da, dokumentala laguntzen duen musikarekin. Lete, Artze, Lertxundi edo Laboaren kantuak dira, bertsio elektronikoan eginak. «Garaiak eta esentziak aldatu dira eta hori mantendu nahi genuen».