INFO

Egia eta biktima guztien aitortza aldarrikatu dituzte Zumaian, Xabier Kalparsoro gogoan

Xabier Kalparsoro «Anuk» gogoratzeko ekitaldia egin dute igande honetan Zumaian, espainiar Poliziaren esku zegoela hil zenetik 25 urte bete direnean. ETAko militante zenaren heriotzaren inguruan erantzunik gabeko galdera gehiegi daudela nabarmendu dute, baita egia eta biktima guztien aitortza aldarrikatu ere.

Anuken egia aldarrikatzeko Zumaian egindako ekitaldia. Andoni CANELLADA | FOKU

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


‘Anuken egia’ leloarekin Xabier Kalparsoro oroitzeko ekitaldia egin dute igande eguerdi honetan Zumaiako Aita Mari herri antzonkian. Militante zumaiarraren heriotzaren inguruan oraindik ere argitu gabe dauden galderek erantzuna behar dutela aldarrikatu dute, hain zuzen, Indautxuko (Bilbo) komisaldegian Espainiar Poliziaren eskuetan zegoela hil zenetik 25 urte bete direnean.

Anuken senide batek eman dio hasiera ekitaldiari, haren izaera eta ibilbidea gogora ekarriz. Jon Maia bertsolariak hartu du hitza jarraian, biolinaz lagundutako errezitaldi batean zumaiarraren kasuaren inguruko hausnarketa eginez eta egia jakiteko Anuken amaren urtetako borroka gogora ekarriz. Orain dela urte bat hil zen Maite, galdera horientzako erantzunik gabe.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak Anuken memoria aldarrikatu du, baita «maite ditugun horiek oroitzeko eskubidea» gaurkoa bezalako ekitaldiak «klandestinitatera kondenatu» nahi dituztela salatuz. «Guk ez diogu inori esango hemen hamarkadetan gertatu denaren inguruan zer pentsatu edo esan behar duen baina, halaber, ez dugu onartuko inork esan diezagunik zer esan pentsa dezakegun eta zer ez, zer esan dezakegun eta zer ez. Nor maitatu dezakegun eta nor ez», aipatu du.

Era berean, nabarmendu du errelatoak alde guztietako ekarpenak behar duela izan eta ezin dela errelato bakar bat «inposatu». «Sinistarazi nahi digute hemen ez dela gatazka politikorik izan. Hemen biolentzia bakarra ETArena izan dela. Torturak, estatu terrorismoa, gehiegikeria polizialak, legez kanporatzeak gure imajinazio hutsa direla. Ez dugu errelato hori onartuko sekula, faltsua delako, baina batez ere errelato horren gainean ezin daitekelako eraiki bake eta bizikidetza iraunkor eta egonkorrik», gaineratu du.

Ildo horretan, bakeak eta bizikidetzak biktima guztien aitortza eta egia osoaren ezagutza eskatzen dituela azpimarratu du. «Herri honek jakin nahi du, jakin behar du nork agindu zuen estatu terrorismoa, nork tortura, nork dispertsioa. Herri honek jakin nahi du, jakin behar du zer gertatu zen Anukekin». 25 urte geroago haren heriotza inguratu zuten baldintzak argitzea eskatu du Rodriguezek. «PNVk eta EAEko gobernuak argitu behar dute zer egin zuten Anukekin, zer gertatu zen Ertzaintzaren eskuetatik pasa eta Polizia nazionalaren ziega baten amaitu zuen arte. Eta Polizia nazionalak eta espainiar gobernuak argitu behar dute zer egin zuten Anukekin, zer gertatu zen bere gorpua kalean, komisaldegi parean agertu zen arte».

Maite eta Josebarentzako, Anuken ama eta anaiarentzako, hitzak ere izan ditu Rodriguezek. Txiki fusilatu bezperan bere amak Antoniari esandako hitzak gogora ekarriz esan die «seme bat, anai bat, galdu duzue, baina milaka seme-alaba eta anai-arreba irabazi dituzue Euskal Herrian. Eta zuen milaka eta milaka seme-alaba eta anai-arreba berri horiek agintzen dizuegu ez dugula etsiko Euskal Herriaren askatasuna lortu arte».

Sortuko idazkari nagusiarekin batera, Julen Arzuaga eta Arnaldo Otegi ere izan dira ekitaldian EH Bilduren izenan.