Markagailua irauli diote Alavesi, galtzen amaitzeko (2-1)
Markagailuan aurretik jarri eta galtzen amaitu. Horixe gertatu zaio Alavesi Ciutat de Valencian Levanteren aurka jokatutako neurketan. Aukerak izan dituzte babazorroek poltsikoan emaitza hobe batekin itzultzeko. [Neurketaren xehetasunak]
Denboraldiko lehen neurketa Barçaren aurka galdu zuenetik porrota ezagutu gabea zen Alaves. Hiru garaipen eta bi berdinketako balantzea zeraman, eta igande honetan Levanteren etxean jokatzekoa zen neurketa bolada onari jarraipena emateko aproposa zen.
Buru-belarri sartu dira babazorroak neurketan eta lehenengo minutuetan aukera andana sortu dituzte. Ruben Duartek egin du errematea 4. minutuan eta Ruben Sobrinok gola 5.ean korner bat erramatatu ostean.
Alavesek gola sartu ondorengo minutuak kontrolatu baditu ere, etxekoek berdinketaren gola egin dute 19.ean. Jason izan da golegilea eta golak neurketaren joana aldatu du. Pixkanaka Levanteko jokalariak izan dira Pachecoren ate inguruan arriskua sortzen hasi direnak.
Horretan zirela, Toño Garciak etxekoen bigarren gola egin du 37. minutuan, markagailua irauliz. Halaxe iritsi da neurketa atsedenaldira.
Bigarren zatia lehenaren moduan hasi du Alavesek, aukerak sortzen. Ia egin du Sobrinok 50.ean, baina ia egin diote babazorroei hirugarrena 61.ean. Azken minutuetan erabat jo dute gora gasteiztarrek, golaren bila itsu-itsuan.
Callerik 76.ean, Ibai Gomezek 80.ean –zutoinera– eta Maripanek 81.ean, hiru gol aukera izan ditu Alavesek Ciutat de Valenciatik gutxienez poltsikoan puntu batekin itzultzeko.