Euskara Batuaren Eskuliburua aurkeztu du Euskaltzaindiak
Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarrak bigarren eguna du gaur Arantzazun. Bi «harribitxi praktiko» aurkeztu ditu, Euskara Batuaren Eskuliburua, eta Euskaltzaindiaren webgune eraberritua. Biak «zein baino zein erabilgarriago».
Euskaltzaindia Arantzazun ospatzen ari den XVII. biltzarrean aurkeztu ditute Euskara Batuaren Eskuliburua eta Akademiaren webgune berritua. Biak ala biak tresna berriak, «zein baino zein erabilgarriago».
Euskara Batuaren Eskuliburuak arau, gomendio nahiz bestelako irizpideak era didaktikoan birformulatzea du helburu. Alor askotatik bildutako informazioa ageri da eskuliburuan: lexikoa, kalkoak, ahoskera, ortotipografia eta beste.
Sarrererako bakoitzean argi adierazten da zer duen Euskaltzaindiak arau moduan emana, eta zer ez, zer den ebatzia eta zer den gomendio edo hobespena. Edota non komeni den batasuna egitea.
Eskuliburu hau eskoladun edo alfabetatuari zuzendua da bereziki, alegia, irakasle, idazle, hizkuntza-teknikari, zuzentzaile, itzultzaile, hedabideetako kazetari eta hizkuntza kontuetan «jakingura duen edonori». Andres Alberdik zuzendu du liburua, eta Igone Etxebarria, Joxe Austin Arrieta, Allande Sokarros, Alfontso Mujika, Irene Arrarats, Patxi Petrirena eta Paxkual Rekaldek hartu dute parte.
Webguneari dagokionez, estetika argiagoa eta modernoagoa du, nabigazioa errazteko xedearekin. Egunko gailu guztietara egokituta dago. sakelako telefonoak, tabletak, ordenagailu eramangarri nahiz pantaila handikoak...
Sarean hiztegiak, corpusak, hizkuntza-atlasa, gramatika, onomastika, arauak, baita Euskara Batuaren Eskuliburua bera ere, kontsulta daitezke eta bilaketa sistema aurreratuak ere eskaintzen ditu.