INFO

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. kongresuari hasiera eman diote Baionan

‘Geroa Elkar-Ekin’ lelotzat hartuta, Eusko Ikaskuntzaren XVIII. kongresua gaur abiatu da Baionan. Bertan, lurraldea, globalizazioa, munduaren aldaketak edo zahartzea izan dituzte mintzagai. Datozen asteetan Euskal Herriko gainontzeko hiribuetara mugituko da kongresua.

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. kongresuko irekiera ekitaldia. (Eusko Ikaskuntza)

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. kongresuaren irekiera ekitaldia izan dute gaur Baionan. Lurraldetasuna, ezagutza eta herritarrak izan dira lehen eguneko gaiak- Baionako¡ kultura zinegotzi Yves Ugalde, Eusko Ikaskuntzako Lehendakari Iñaki Dorronsoro eta Eguzki Urteaga lehendakariordeak inauguratu dute kongresua, ‘Geroa Elkar-Ekin’ lelotzat hartuta.

Ugaldek «Eusko Ikaskuntzaren lana Euskal Herrian eta espreski Baionako hiriarekin duen harremana, baita hirian Kongresua hasteak duen garrantzia eta balioa» nabarmendu nahi izan du. Irekiera ekitaldi honetan, aurten zendu zen Eusko Ikaskuntzaren Iparraldeko lehendakari izandako Jean Michel Larrasquet gogoan izan dute.

XVIII. kongresua osatzen duten hurrengo saioak ere aurkeztu dituzte, bakoitzeko galdera nagusiak plazaratuz. Euskararen alorrean, «Zeintzuk dira euskaraz garatu nahi duen komunitateak egun dituen aktibo nagusiak? Zeintzuk dira etorkizun hurbil horrek eduki behar dituen aktiboak? Horietara heltzeko, zein ekinbide gako definitu beharko genuke?». Bestetik, gizarteari dagokionez, «Herri anitza edo anitz herri gara? Nola landu konfiantza herri kohesionatu eta inklusibo baterako? Eta posible da horretan sakontzea komunikazio sistema propiorik gabe?» galderak jarriko dituzte mahai gainean. Era berean, alor sozio-ekonomikoan, ´ongizate-eredu berri bat eraikitzeko, zein oinarri behar dira?» eztabaidatuko dute. Eremu sozio-politikoaren esparruan galdera gakoa da «Ze tresna politiko behar ditugu irauteko ez ezik, duintasunez garatzeko? Euskal demokrazian eta gure herritarren arteko harremanetan sakontzeko bideak, zeintzuk dira?».

Osasun eta gizarte erakundeen Ikerketarako Institutuko (IFROSS) fundatzaile Jean-Pierre Claverannek ere parte hartu du. ‘Lurraldea, globalizazioari eta munduaren aldaketei ihardukitzailea’ izeneko hitzaldian, Claverannek lurraldea defendatu du «egungo erronkei aurre egiteko toki pribilegiatu gisa eta guztiekin eta etorkizuneko belaunaldiekin solidario den mundu baterantz egiteko». Arratsaldean, ‘Etorkizuna irudikatuz: nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea’ proiektuak utzitako emaitzak aurkeztu dira, Eusko Ikaskuntzak azken urteotan sustatutako lanen ondorioen bilduma. Bertan, joerak deskribatu, eszenatokiak zehaztu eta proposamenak egiten dira hiru dinamika estrategikori buruz: herritarrak, lurraldea eta ezagutza.

Azkenik, besteak beste, zahartzea, ezagutza eta lurraldetasunari buruzko mahai-ingurua izan da. Juliette Bergougnan, Michel Berhokoirigoin, Ane Bustinduy eta Javier Echeverría Ezpondaren parte hartzea izan dute, Iban Lizarralde moderatzailea izanik.

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuko hurrengo saioetan euskara (Gasteiz, urriak 19), gizartea: aniztasuna eta kohesioa (Iruñea, urriak 26), garapen sozioekonomikoa (Bilbo, azaroak 9) eta gobernantza demokratikoa (Donostia, azaroak 16) landuko dituzte. Itxiera eta ondorioak aurkezteko saioa Oñatin izango da azaroaren 23an.