INFO

Euri artean, zubi lanaren fruitua

Urretxu-Zumarragako ikastolak antolatuta ospatu zuten atzo Kilometroak, euriak giroa apur bat tristatu arren. «Zubiak batuz» leloari jarraiki, espero baino jende gutxiagok hartu zuen parte giro bustia zela eta. Bertako guraso eta ikasleek, ordea, ilusioz eutsi zioten hilabete luzez prestatutako jaiari.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Euria da ospakizun handietan kezka nagusietako bat eta atzo Urretxun eta Zumarragan haren mehatxuarekin esnatu ziren, goiz erdian zaparrada txikiak tartekatu ziren arte. Urte oso batez prestaketa lanetan buru-belarri aritu dira, agenda ekitaldiz eta bileraz beteta. Eta atzo egun handia zuten irakasle, ikasle eta familiek. Gozatzeko, eta lan egiteko ere bai, noski.

Herri bietako biztanleez gain, jakina, izan zen bisitaririk nahiz eta eguraldiak ez zuen animatzera lagundu. Tren geltokian goizean goiz sumatu zen mugimendua gehien bat, batez ere Goierri eta inguruko herrietatik zetorren jendearekin.

Lehen orduan jarri ziren martxan, Urretxu-Zumarragako ikastolan egin zen hasiera ekitaldiarekin. Bertan izan ziren ikastolako arduradunez gain, ordezkari politikoak, tartean Jon Luqui eta Mikel Serrano, Urretxu eta Zumarragako alkateak hurrenez hurren, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Cristina Uriarte Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburua. Eta, noski, jaia adi eta emozioz bizi nahi zuten guraso eta haur mordoa.

Zubien balioa

Gipuzkoako barnealdean kokatutako bi herri hauek badute berezitasun bat, ibaiak eta zubiek banantzen dituztela, alegia. Praktikan, ordea, administratiboki bereizita egon arren, bi herrietan murgilduta bizi dira bertako biztanleak. Ideia horretatik asko du 2018ko Kilometroak jaialdiarentzat aukeratutako leloak: “Zubiak batuz”. Horixe baitzen xede nagusia, jaialdia batzeko balioa izatea. Irekiera ekitaldian azken urte honetako lana goraipatu zuen Argiñe Artolazabal Urretxu-Zumarraga ikastolako lehendakariak. Ikastolak eta Kilometroak bezalako ekimenek komunitate sendo bat sortzea lortu dutela nabarmendu zuen. Uste horretakoak dira guraso asko ere.

Rikardo Lizarralde da horietako bat, azken urtean antolakuntza lanetan buru-belarri aritua eta ikastolan horregatik ezagun egin dena. Milaka zozketa boleto saldu ditu herriz herri, denbora librean hara eta hona ibilita. Beste asko bezala, petoa jantzita ibili zen atzo eta inplikazio horrek ekarri diona azpimarratu nahi izan zuen: «Jende asko ezagutu dut eta harreman politak egin ditut honi esker, baita irakasle eta guraso artean ere. Umeei hori transmititzea oso polita izan da».

Atzoko eguna zubi lan horren emaitza izan zen. Aurtengo festako abestiaren leloak ongi deskribatzen du: «Zubiak, bat dira alde biak. Elkarren alde elkarri adi, batuz egingo gara handi». Urtebetez prestatzen jardun eta gero, gogoz eta irribarretsu dantzatu zuten kanta ikasleek.

Erronka gaindituta, datorren ikasturterako Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolak hartu zuen lekukoa, orain arteko ereduari jarraituko dion azkeneko Kilometroak ospatzeko. 2020tik aurrera urte osoan zehar gauzatuko den ekitaldia izango da.

Sistema propio baten alde

Ikastolako ordezkariek, Kilometroak jaiaren bidez, Urretxu-Zumarraga ikastolaren proiektuari eta eredu pedagogiko berriari eman nahi zaion bultzada azpimarratu zuten ekitaldi nagusian. Horrekin batera, ikastolen xedea ikastetxeko lau hormetatik harago euskarari bultzada ematea dela gogorarazi zuten. «Herrigintza herria egitea bada, guk herri eta auzo euskaldunak egin nahi ditugu. Euskara ikastolan zein kalean entzun nahi dugu. Baina azken urteotan jabetuta gaude egungo sistemak ez dituela gure ikasleak behar bezala euskalduntzen. Egoera honi irtenbidea emango dion murgiltze eredua ezartzeari ezinbesteko deritzogu», adierazi du Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari eta Ikastolen Elkarteko lehendakariorde Nekane Artolak.

Bide horretan, azken egunetan Arantzazun ospatu den euskara batuaren 50. urteurrena ere ekarri zuen gogora Artolak, eta duela bost hamarkadatako Euskaltzaindiaren biltzar hark egin bezala, orain ere euskarari bultzada emango dion ekimen sendo bat behar dela azpimarratu zuen. Horretan hezkuntza sisteman murgiltze eredua ezartzeak egin dezakeen ekarpena maila bertsukoa izan daitekeela azpimarratu zuen.

Beste hainbat erronka ere aipatu zituen Artolak: segregazioari aurre egitea, euskal curriculuma, ebaluazio sistema propioa, ikaslea erdigunean jartzea eta ikastetxeen autonomia handitzea, besteak beste. Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzen hasteko unea badela ere esan zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariordeak: «Beraz, alderdi, sindikatu, erakunde eta hezkuntza eragileoi arduraz eta erantzukizunez jokatzea dagokigu eta dela akordio, dela lege, dela martxan jartzen dugun edozein ekimen Hezkuntza Sistema Propioa eraikitze bidean urrats izan dadila». Eta hau gaineratu zuen: «Gu prest gaude. Izan ere, etorkizuna dago jokoan eta hurrengo belaunaldiek Euskal Herri justuagoa eta euskaldunagoa merezi dute».