INFO

Klima aldaketari buruzko nazioarteko biltzarra egingo dute Donostian, 2019ko martxoan

‘Change the Change’ izenburupean, klima aldaketari buruzko nazioarteko biltzarra egingo dute Donostian, 2019ko martxoaren 6an, 7an eta 8an, eta enpresa munduko, toki administrazioetako, unibertsitateetako, teknologia eta ikerkuntza zentroetako, gobernuz kanpoko erakundeetako eta gizarte erakundeetako 600 ordezkari bertaratzea espero da.

2019ko martxoan Donostian egingo den biltzarraren aurkezpena. (@OrainIngurumena)

Hiru egunetan zehar, klima aldaketaren inguruan mundu mailan garrantzitsuenetakoak diren 50 adituk beren ikuspegi estrategikoa azalduko dute, 90 minutuko saioetan, eta elkarrizketarako eta eztabaidarako tartea ere egongo da. Gaikako zortzi bloketan egituratuko dira saioak: planetaren osasuna, eskualdeen rola, hiri ingurunea, jasangarritasuna, energia trantsizioa, ekonomia, hezkuntza eta emakumeen lidergoa.

Hala jakinarazi Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak. Biltzarraren aurkezpena Donostian egin da, eta Arriolarekin batera egon dira Valvanera Ulargui Gobernu espainiarreko Trantsizio Ekologikorako Ministerioko Klima Aldaketaren Bulegoko zuzendaria, José Ignacio Asensio Gipuzkoako Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua eta Ernesto Gasco, Donostiako Udaleko alkateordea. Erakunde horiek guztiek antolatu dute topaketa.

Hainbat izen ere baieztatu dituzte, besteak beste, Joan Clos Bartzelonako alkate ohiarena, Uxua Lopez Klima Aldaketaren Aurkako Nazioarteko Zientzialarien Sareko kidearena, Cristina Narbona Zapaterorekin Ingurumen ministro izandakoarena.

Biltzarraren egun bakoitzean, gaikako atalak «planetako heroiak» izeneko saio berezi batekin osatuko dira. «Planetako heroi» horiek proiektu eta ekimen berritzaileak abiatu dituzte, hainbat arlotatik eta munduko hainbat lekutan, klima aldaketari aurre egiteko eta hari buruz jendea sentsibilizatzeko. Helburua da klima aldaketari buruzko eztabaida teorikoa eramatea emaitzak erdiesten ari diren benetako proiektuetara.

Hain zuzen, klima aldaketa pertsona ororen ardura dela azpimarratzeko, EAEko Klima Aldaketaren Astearen esparruan egingo da biltzarra. Ekimen hori Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat lekutan egingo da 2019ko martxoko lehen astean, eta publiko guztientzako jardueren egutegi zabala eskainiko du.

Aurkezpenean azaldu dutenez, klima aldaketaren aurkako borrokan, etorkizuneko klima baldintzak nolakoak izango diren aurreikustea da lehen urratsa. Ildo horretan, EAEn klima atlas bat egin da, oinarrizko lau aldagairen 1971-2015 aldiko eguneroko datuekin eta bereizmen espazial altuarekin. Atlas hori klima aldaketaren XXI. mende amaierara arteko proiekzioekin osatu da. Proiekzio horiek Klima Aldaketari Buruzko Gobernuarteko Taldeak nazioartean koordinatzen dituen klimari buruzko joera proiekzioen ildoari jarraikiz egin dira.

Atlasa eta proiekzioen agertokiak oinarritzat hartuz, eta haiek duten bereizmen espazial altuari esker, klima aldaketak EAEn eragiten dituen inpaktuen azterketa sektorialerako eta lurralde azterketarako datu erabilgarriak lortzen ari dira, besteak beste, neguko tenperatura minimoek eta udako tenperatura maximoek gora egitea, prezipitazioen murrizketa eta fenomeno meteorologiko izugarriak, itsasoko uraren tenperaturaren berokuntza eta itsas mailaren igoera, eta laboreetan, basoetan eta gizakien osasunean eragina.

Bestalde, Lakuak Klima Aldaketaren Lege berria eratzeko lanean dihardu. Egun, Klima 2050 Estrategia dauka indarrean, klima aldaketaren ondorioak arintzeko eta lurraldea horietara egokitzeko. Lakuako Gobernuko sail guztiek partekatzen duten tresna da, eta orain arte garatu diren jarduketak indartzeko eta beste neurri batzuk hartzeko balio du.

Klima 2050 Estrategiaren helburuak asmo handikoak dira: batetik, klima aldaketaren eragile diren berotegi efektuko gasen isuriak %40 gutxitzea 2030rako, eta, bestetik, karbono gutxiko energia eredu baten aldeko apustua, energia berriztagarrien kontsumoa azken kontsumoaren %40 izan dadin 2050ean.